Politika -

Polizia-operazioa

'Erreka' taldeak leherkaria tratatzen zuela dio Guardia Zibilak

ETAren taldea Aitor Esnaola atxilotuak eta Andoni Goikoetxeak, ihes eginda dagoenak, osatzen zutela uste dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren "Erreka" taldeak leherkaria tratatzen zuen eta detonagailuak ekoizten zituen Legorretako Olalde baserrian eta gero Gipuzkoako eta Nafarroako zuloetan barrena banatzen zituen, Guardia Zibilak jakitera eman duenez.

Guardia Zibilak agerraldia egin du ETAren kontra aste honetan egin duten operazioan atzemandako materiala erakusteko. "Erreka" taldea desegin dutela uste dute, eta Aitor Esnaola atxilotuak eta Andoni Goikoetxea ihes egindakoak osatzen zutela.

"Erreka" taldearen kontrako operazioaren baitan Lander Etxeberria ere atxilotu zuten, ETAren zuzendaritzarekin lotura lanak egitea leporatuta. Igor Esnaola Aitor Esnaolaren anaia ere atxilotu zuten, baina libre geratu zen atzo ETArekin harremanik ez zuela ikusita.

Errota batekin ETAko ustezko kideek nitrato amonikoa xehetzen zutela uste dute, eta hauts eginda, plastikozko edukiontzietan banatzen zituztela zuloetan.

Guztira, 1.369 kilo nitrato amoniko, 43,1 kilo aluminio hauts, 22,1 kilo pentrita, 60 gramo Diazodinitrofenol lehergaia detonagailuentzat, 100 kilo errega, 98 detonagailu elektriko eta pistola bat atzeman dituzte. Guardia Zibilak azaldu duenez, Espainian ETAri atzeman dioten lehergai kopuru handiena da.

Olalde baserrian, Aitor Esnaolaren bizilekuan, 850 kilo nitrato amoniko, 14 kilo pentrita, 100 kilo erregai, etxean egindako hiru detonagailu, hiru tenporizadore eta 60 gramo DDNP aurkitu zituzten asteratean.

Detonagailuentzako soka, lehortzeko bastidore bat eta nitratoa hauts bihurtzeko makina bat ere atzeman zituzten. Era berean, Esnaolaren etxean 3.850 euro eta 19 kartutxo omen zeuden.

Ostegunean egindako miaketetan, Olalde baserrian egindako bigarrenean, Guardia Zibilak beste ezkutaleku bat aurkitu zuen eta bertan 30 kilo aluminio hauts eta 1,1 kilo pentrita aurkitu zituzten.

Egun horretan bertan, Esnaola familiak duen Aldaola baserria ere miatu zuten Bidegoianen eta bertatik 137 kilo nitrato eta errebolber bat eraman zituzten.

Zegaman bilatutako zuloan, Guardia Zibilak 229 kilo nitrato amoniko hauts, 60 detonagailu, 7,2 kilo aluminio hauts eta hiru kilo pentrita atzeman zituen.

Gero, Aitor Esnaolarekin batera, Azpirozera joan zen Guardia Zibila eta beste zulo batean 79 kilo nitrato, hiru kilo aluminio hauts, 2,5 kilo pentrita eta 15 detonagailu topatu zituen.

Azkenik, Guardia Zibilak beste zulo bat arakatu zuen Baraibarren eta 74 kilo nitrato amoniko, 1,5 kilo pentrita, 3 kilo aluminio hauts eta etxean egindako 20 detonagailu omen zeuden bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea