Politika -
PPri erantzuna
Zapatero: 'Ni oztopatu nazatela, ez Espainia'
Presidenteak Aznar presidente ohiari eta mariano Rajoyri zuzendu die mezua. Zapatero Durangon izango da igande honetan, Arrosaren Festan.
Erredakzioa
Jose Luis Rodríguez Zapatero Gobernuko presidenteak berari, eta ez Espainiari, "nahi beste oztopo jartzea" eskatu die Jose Maria Aznar presidente ohiari eta Mariano Rajoy PPko liderrari; "gure kaudimena eta sendotasun ekonomikoa mundu mailan" zalantzan ez jartzea, alegia.
"Aznarri Espainiak ezin izango dituela zorrak ordaindu, edo hori egitea oso zail duela entzun diot. Rajoyk ere nik Txinara egindako bidaia kritikatu du, ni Espainiako enpresei babesa ematen eta Txinako inbertsioak ekartzen saiatzen ari nintzenean. Enpresa horiek 1.000 milioi euroko kontratuak sinatu zituzten bertan", azaldu du Zapaterok.
Presidentearen hitzetan, "kritikak egiteko aukera guztiak dituzte, euren eskubidea da", baina "gai batzuren inguruan erantzukizunez jokatu behar da, estatu zentzuari helduta". "Gai batzuk guztionak dira eta guztiok haien alde egin behar dugu, berdin dio Gobernuan edo oposizioan egon", gaineratu du.
Arrosaren Festa, Durangon
Gobernuko presidentea PSEE-Eek antolatutako Arrosaren Festan izango da igande honetan, Durangon.
Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Landako Gunean. Bertan Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentea eta PSOEko idazkari nagusiak eta Patxi Lopez lehendakaria eta Euskadiko sozialisten idazkariak hitz egingo dute.
Horiekin batera, Jose Antonio Pastor Bizkaiko Aldundirako hautagaiak ere hitz egitea espero da.