Itxi

Politika

Hauteskunde-inkesta, EAEn

EH Bildu nagusituko litzateke Gasteizen, EAJk baino lau hamarren gehiago jasota

EiTB.EUS

Hamalaugarren EiTB Focus inkestak koalizioari eman dio garaipena Arabako hiriburuan. EAJ izango litzateke lehen indarra Bilbon eta Donostian.

EH Bildu nagusi, Gasteizen

Euskal Herria Bilduk irabaziko lituzke maiatzaren 26ko udal hauteskundeak Gasteizen, EiTB Focus inkestaren arabera. Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) izango litzateke lehen indarra Bilboko Udalean eta Donostiakoan. Gizaker inkesta-etxeak udal eta foru hauteskundeetarako atarian Euskal Irrati Telebistarentzat egindako galdeketaren datuak dira.

Inkesta maiatzaren 9tik 14ra 1.750 telefono-dei eginez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Datozen egunetan Nafarroako Parlamentuari eta Iruñeko Udalari buruzko datuak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru hauteskundeei buruzkoak plazaratuko dira.

EH Bildu izango litzateke indar bozkatuena maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan Gasteizen. Botoen % 23,5 lortuko lituzke eta 7 zinegotzi, aurreko hauteskundeetan baino bat gehiago.

EAJ izango litzateke bigarren indarra, lau hamarren gutxiago eskuratuta. Zazpi zinegotzi lortuko lituzke.

Alderdi Popularra hirugarren postura eroriko litzateke. Hamaika puntu eta lau zinegotzi galduko lituzke.

PSE-EEk zinegotzi kopuruari eutsiko lioke eta Elkarrekin Podemosek lau lortuko lituzke.

Vox eta Ciudadanos alderdiek ez lukete ordezkaritzarik lortuko Gasteizko Udalean.

Bilbon, EAJk emaitzak hobetuko lituzke, eta zinegotzi bakarrera luke gehiengo osoa, 2015ean baino bat gehiago lortuko luke eta.

EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek zinegotzi bana lortuko lukete.

PP bosgarren indarra izango litzateke, bi zinegotzi galduta.

Goazen Ganemosek egun dituen bi zinegotziak galduko lituzke, ez luke ordezkaritzarik lortuko.

EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak Donostian. Bi zinegotzi gehiago izango lituzke (11).

EH Bildu izango litzateke bigarren indarra eta zinegotzi bat gehiago lortuko luke.

PSE-EE hirugarren postura jaitsiko litzateke eta bi zinegotzi galduko lituzke. Elkarrekin Podemosek ere bi ordezkari lortuko lituzke eta laugarren indarra izango litzateke.

PP izango litzateke bosgarren indarra. Zinegotzi bat galduko luke.

Fitxa teknikoa

EAEn bizi diren 1.750 pertsona (Gasteizen 400, eta Arabako gainerako udalerrietan 150; Bilbon 400 eta Bizkaiko gainerako udalerrietan 200; Donostian 400 eta Gipuzkoako gainerako udalerrietan 200).

La= ±% 2,34, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako, ±% 4,18 Arabako datuetarako, % 4,00 Bizkaiko datuetarako, % 4,00 Gipuzkoako datuetarako, % 4,90 Gasteizko datuetarako, % 4,90 Bilboko datuetarako eta ±% 4,90 Donostiako datuetarako.

Lurralde, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina. Inkesten % 21,1 euskaraz egin dira, eta gainerako % 78,9a, gaztelaniaz.

Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2019ko maiatzaren 9a eta 14a bitartean egin zuten telefono bidezko elkarrizketak eginez.

Galdeketen batez besteko iraupena 3 minutu eta 22 segundokoa izan zen: motzenak 2 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 10 minutu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena