Politika -

Iruzkina

Egia eta gezurrak

Irudia eta itxura garrantzitsuena den sasoi berezi hauetan, mezu hutsalak nagusitu dira.

Juanjo San Miguel

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egia eta gezurraren arteko marra zehaztea ezinezkoa izaten da sarriegi. Adierazteko erak, erabilitako hitzek eta esamoldeen korapiloek benetan gaitza bilaka lezakete jasotakoa egiaztatzea. Hitza dugu gizakiok besteekiko harremanak finkatzeko tresna baliagarriena, baina gero eta maizago benetako eragozpenak ditugu entzun edo irakurritakoa zuzena den egiaztatzeko.

Hauteskunde garai hauetan mezuak berebiziko garrantzia du, hitz gutxitan boto-emailearengan zirrara sortu, hunkitu egin behar dugu eta, ahal izanez gero, zuzenean astindu. Eta itxuraz hori lortzeko bide eta tresna guztiak zilegi dira. Populista deitzen diegu arazo larrietarako konponbide errazak eskaintzen dizkigutenei. Demagogoa, entzun nahi duguna esaten diguna omen da, gure beldurrak, ezinak eta emozioak erabiltzen dituena gugandik zerbait lortzeko. Manipulatzaileak, adierazteko trebeziaren bidez nahi duen lekura eraman ohi ditu sineskorrenak eta ahulenak. Gezurtia ei da, egia ez dena apropos esaten duena besteok ontzat emango dugulakoan…

Matematiketan zuzena eta okerraren arteko aldea argia omen da, ukaezina. Baina beste arlo gehienetan guztia zalantzan jar liteke, baieztapen oro eztabaidagarria da. Eta hemen hasten dira arazoak. Gaur egun iritzi guztiak maila berean daudela sinistarazi digute, edozein aburu errespetagarria dela. Koldarrenen kobazulo bilakatu diren sare sozialetan, pantailatik pantailara oihartzunaren gisa dabiltzan ergelkeria zentzugabeenek, aditu eta ikerlari errespetagarrienen gainetik azaltzen zaizkigu. Lurra laua dela edo Mundua Jaungoikoak zazpi egunetan egin zuela egi borobiltzat dutenek diote eskubide osoa dutela hori sinisteko eta historia liburuetan idazteko. Arerioen populismoa salatzen duten politiko egiatiek ez dute inongo eragozpenik, sekula bete ezingo dutena agintzeko, gaur egungo teknologiak adierazitakoa ezabaezina bilakatuko duela jakin arren. Irudia eta itxura garrantzitsuena den sasoi berezi hauetan, mezu hutsalak nagusitu dira.

Eguna joan eta eguna etorri, tentelkeria beretsuak entzuten ditugu gure botoa eskuratzeko egitasmo erakargarriak eskaini beharko lizkiguketenen aldetik. Modernitatearen gailurrean gauden honetan, orain dela 60 urte idatzitako tangoak gaurkotasun osoa duela dirudi, berdin baita jakintsu edo eskolagabe izan, irakasle edo astakilo. Balio bera duelako gau eta egun lana egiten duenak eta bizkarroiak, hiltzen duenak, apaizak eta legea urratzen duenak…

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gizartea Juanjo san Miguel Eguneko albisteak Albisteak