Politika -
Donostian
Legorretako azken bi atxilotuek tratu txarrak salatu dituzte
Aitor Esnaolak eta Lander Etxeberriak tratu txarrak pairatu dituztela salatu dute gaur Donostiako Auzitegietan.
Erredakzioa
ETAren ''Erreka'' taldearen aurkako operazioan atxilotu zituzten Aitor Esnaolak eta Lander Etxeberriak tratu txarrak pairatu zituztela salatu dute gaur, Ane Ituiño Torturaren Aurkako Taldearen abokatuak jakinarazi duenez. Donostian aurkeztu dute aipatu salaketa. Gipuzkoako hiriburuan egindako agerraldian azaldu duenez, gaur bertan aurkeztu dituzte Esnaolaren eta Etxeberriaren salaketak. Hirugarren bat erregistratuko dute, Igor Esnaolak (Aitorren anaia) ustez pairatutako tratu txarrak salatzeko.
Agerraldian, atxilotuen familiarrak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko ordezkariak, ezker abertzaleko, Eusko Alkartasunako eta Alternatibako kideak eta LAB eta EHNE sindikatuetako bozeramaileak izan dira.
Tratu txarrak "onartezinak" direla azpimarratu du Ituiñok. Inkomunikazioarekin eta "errepresioarekin" bukatzeko exijitu dio Espainiako Gobernuari, "gatazkaren konponbidearen bidean urrats berriak eman ahal izateko".
Torturaren Aurkako Taldeak elkarretaratzea egingo du maiatzak 5ean, Eusko Legebiltzarrean. Egun horretan bertan torturaren inguruko proposamena eztabaidatuko dute legebiltzarkideek.