Politika -

Lokarrik Gobernuari Sortu legeztatzea gomendatu dio

Horrek "bake prozesua" erraztuko lukeela uste dute. Era berean, Gobernuak Bildu bezalako aukerak ez lituzkeela jarraitu behar uste dute "legalak eta zilegiak" direlako

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lokarrik gaur Bake Prozesuaren Giza Behatokiaren txostena aurkeztu du Bilbon eta bertan Espainiako Gobernuari zuzendutako hainbat gomendio eman ditu, tartean eta nagusiki, ezker abertzalearen Sortu alderdi politikoa legeztatzea.

Horrek, Paul Rios Lokarriren arduradunaren ustez, "bake prozesu ireki eta gardena hastea erraztuko luke eta argudioak kenduko lizkieke "zilegi diren proiektu politikoak defendatzeko bake bideak ez daudela" diotenei, eta "zuzenbide Estatuari konfiantza itzuliko" liokeela ere uste du.

Era berean, Lokarrik uste du Gobernuak ez lituzkeela "Bilduren moduko aukera legal eta zilegiak" legez jarraitu beharko. Datozen hauteskundeak "baldintza erdi normaletan egingo diren lehen hauteskundeak izan daitezke, eta etorkizun normal, seguru eta aske baten hasiera iragarri dezakete" gaineratu du Riosek.

Aurkeztu duten txostenean, Lokarrik dio indarkeriaren amaierak duen arazorik nagusiena Espainiako gobernuaren "ekintza oztopatzailea" dela, Sorturen inskripzioaren aurka egiteagatik eta "elkarrizketa" ez errazteagatik; hori guztia gainera, hauteskundeak gertu egoteak sortzen duen "borroka politikoa" tarteko dela.

Bestalde, Lokarriren ustez bakeari begira "itxaropenerako arrazoiak" daude, hala nola Sortuk ETAren indarkeria gaitzestea, erakunde armatuaren su etena eta Lokarrik berak bultzatzen duen "nazioarteko taldearen" presentzia, besteak beste. Baldintza hauek ikusita, "indarkeriaren amaiera laster irits daitekeela pentsatzen dugu" esan du Paul Riosek, nahiz eta "ETAk bere behin betiko amaiera ez iragartzeak zalantzak sor ditzakeen".

Espainiako Gobernuari Brian Currin buru duen nazioarteko bitartekarien lana "ez oztopatzeko eta ezta gutxiesteko ere" eskatu dio Lokarrik; baita ETAren su etena "egiaztatzeko lanetan laguntzeko", modu diskretuan edo publikoan .

Troitiñoren kasuaAntonio Troitiño libre utzi ondoren berriro kartzelatzeko agindua dela-ta, auzi hori bake bidea oztopa dezakeen "De Juana Chaos" kasu berri bat ez bihurtzeko eskatu du Lokarri taldeak.

Paul Rios Lokarriko arduradunak, beraz, 2006ko eskema berdina ez errepikatzeko eskatu du gaur Bilbon. Egungo egoerak, esan du, "gehiegi gogorarazten digu orduan gertatutakoa, eta hura martxan zegoen bake bidean oztopoa izan zen".

"Orain prozesua erraztu egin behar da" esan dute Lokarritik eta Auzitegi Konstituzionaleko doktrinarekin Troitiñok "aske egon behar du eta gainerako guztia mendekua da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea