Politika -

Hainbat deialdi

Bilbo, Gernika eta Baigorri, Aberri Egunaren lekuko

EAJk Bilboko Plaza Barrian dauka hitzordua, Independentista sareak eta Bilduk Gernikan eta Baigorrin, Aralarrek Baigorrin eta H1!ek Donostiako Urgull mendian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Euskadiren garaia'' da EAJk aurtengo Aberri Egunerako aukeratu duen leloa. Bilboko Plaza Berrian egingo du eta Iñigo Urkullu EBBko presidentea izango da ekitaldiko hizlari nagusia.

Bere "oinarriei eta printzipioei" eutsi egingo diela dio EAJk Aberri Egunera begira kaleratutako manifestuan, nahiz eta "abertzaleen esparru politikoan denbora nahasgarriak etorri".

Ezker abertzaleak politika egin nahi badu "ongietorria" emango dietela adierazi dute jeltzaleek. "Ongi etorriak errealitatera, baina ez dezatela harrera berezirik espero, 30 urteko atzerapena gainditu beharra dutelako.

ETAri "behin betiko desagertzea" exijitu dio EAJk, hori baita "euskal gizartearen itxaropenik handiena". Horrek, diote jeltzaleek, bizikidetza eta adiskidetzarako "aldi berria irekitzea ahalbidetuko liguke".

Aurtengo Aberri Eguna Baigorrin ospatuko du Aralarrek, Basaizea elkarteak antolatutako Nafarroa Egunaren baitan.

Aralarretik adierazi dutenez, aurten "inoiz baino aukera gehiago zegoen guztiok elkarrekin" Aberri Egun bateratua egiteko. "Ez da posible izan, batzuek bere egin nahi izan dutelako urtetan gizarteko aniztasuna eta sentsibilitate ezberdinak batu dituen festa", salatu du alderdiak.

Bestalde, "bakea" beharrezkoa dela azpimarratuko du Aralarrek Aberri Egunean. Espainiako eta Frantziako gobernuei "eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatzeko" eskaera ere egingo die.

Independentistak sareak Gernikako Aberri Egunean eta Baigorriko Nafarroaren Egunean parte hartzeko deia egin du. Aurretik, alderdi abertzaleei eskua luzatu zien "Aberri Eguna guztiok elkarrekin ospatzeko helburuarekin, alderdikeriak albo batera utziz".

Bilduk ere Independentistak sareak egindako deialdiekin bat egingo du, eta Aberri Eguna Gernikan eta Baigorrin egingo du.

Azkenik, Donostiako Urgull mendian egingo du Hamaikabatek Aberri Eguneko ekitaldia. Bertan Manuel de Irujo omenduko dute, hil zenetik 30 urte bete direnean. Abertzaletasunaren orainari eta etorkizunari buruzko dokumentua irakurriko dute aipatu ekitaldian.

Iñaki Galdos H1!eko presidenteak esan du "tristea" dela Aberri Egunarena "abertzaleek bakarrik ospatzen duten" data izatea. "Euskal herritar guztien" eguna izatea espero du, baina hori "lortu ez dugun zerbait" dela onartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea