Politika -
Maiatzeko hauteskundeak
Urizar:'Hauteskundeetan egon edo ez, bake prozesuak aurrera egingo du'
Hala ere, Bildu koalizioak hauteskundeetan parte hartzen ez badu, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira "heltzeko" baliabide guztiak jarriko dituztela iragarri du Urizarrek.
Erredakzioa
Bilduri maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan egotea debekatzen badiote ere, "bake prozesuak" aurrera jarraituko duela adierazi du Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari orokorrak.
Hala ere, koalizioak hauteskundeetan parte hartzen ez badu, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira "heltzeko" baliabide guztiak jarriko dituztela iragarri du Urizarrek.
Vocento taldeko egunkariei eskainitako elkarrizketan Urizarrek esan du Bilduren zerrendak inpugnatzeko "arrazoiak bilatu nahi badituzte", probak asmatu beharko dituztela. "Inpugnazioa justifikatzeko arrazoi jurídico bat bera ere ez dago", gaineratu du. "Subiranotasunaren aldeko esparruak zerbaitetarako balio behar du, ez kalean egoteko eta erakundeetan ordezkaririk ez izateko. Eta horretarako legea bete behar da, ez dago besterik, eta legea bete egingo dugu", gaineratu du.
Bere ustez, EAk, Alternatibak eta independienteek osatutako koalizioaren hautagaitza guztiak "baldintzak betetzen dituzte". Dekalogo etikoa sinatuta, Bilduko kide guztiek soilik bide politikoak eta bakezaleak hautatzeko konpromezua hartu eta biolentziaren kontrako jarreraren alde egin behar dute", adierazi du.
Eusko Alkartasuneko ordezkariaren ustez, "PP onura politikoa lortzeko jolasten ari da" eta PSOE beldur da. "Burdin hari batean dabil, eta litekeena da Sorturekin gertatu zen antzeko zerbait gertatzea", adierazi du.