Politika -
Agiria
ETAk Frantziari eta Espainiari egotzi die jendarmearen tiroketa
Tiroketa apirilaren 9an jazo zen Creusen eta jendarme bat zauritu zen. Horretaz gain, horrelako ekintzak "taldearen borondatearen kontra" daudela adierazi du ETAk.
Erredakzioa
Apirilaren 9an Creusen (Frantzia) jendarme baten kontrako tiroketa Frantziari eta Espainiari egotzi die ETAk, gaur Gara egunkariak argitaratutako agiri batean. Tiroketan jendarme bat zauritu zen. Horretaz gain, horrelako ekintzak "taldearen borondatearen kontra" doala adierazi du ETAk.
"Ondorioz, ETAren eta euskal gizartearen borondatearen kontra, Espainiako eta Frantziako gobernuak eta euskal herritarrak atxilotu, torturatu eta espetxeratzen dituzten indar armatuek dute gertatutakoaren errua".
Agiria apirilaren 19an idatzi zuen ETAk, baina Gara egunkariak gaur argitaratu du. "Euskal gizartean eta agenteetan horrelako gertakariak sortu ditzaketen ardura" ulertzen du taldeak. "Ildo horretan, horrelako ekintzak taldearen borondatearen kontra" doazela argitu du ETAk.
Behin betiko irtenbide demokratiko baten alde eta ekintza armatuen amaieraren mesede lan egiten ari direla adierazi du ETAk agiri berri honetan, joan den urtarrilaren 10rean argitaratutako agirian esandakoa berretsiz.
24 ordu baino gutxiagotan ETAk plazaratutako bigarren agiria da hau, izan ere, atzo Aberri Egunaren harira beste agiri bat argitaratu zuen ETAk, non "aro berri bat zabaltzen" ari dela jakinarazi zuen ETAk.