Politika -
Erreakzioak
Eusko Jaurlaritza: 'ETAk ez du euskal gizarteak eskatutakoa esaten'
EAJren iritziz, berriz, komunikatuak "ez du ezer berririk esaten". Bildu da azken iragarpen horretan zeozer positiboa ikusten duen alderdi bakarra; gainontzekoentzat, esandakoa "ez da nahikoa".
Erredakzioa
ETAk iragarpenak "aprobetxatu barik" jarraitzen duela salatu du Eusko Jaurlaritzak arratsaldean ateratako komunikatu batean, izan ere, "ez du euskal gizarteak eskatutakoa esaten".
Horrez gain, "erasotzailea biktima itxurarekin agertzea" kritikatu eta "zuzenbide-estatuak su-etenik iragarri ez duela" azpimarratu du. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritza "kontran" izango du ETAk "indarkeriaren behin betiko amaiera" iragartzen duen eta euskal gizartea "behartzeari" uzten dion arte.
EAJ
Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak adierazi duenez, ETAren agiriek "betikoa" diote; izan ere, ez dute indarkeriaren "behin betiko amaiera" iragartzen. Hori dela eta, ezker abertzalearentzat kezkagarriak izan daitezke.
Urkulluren arabera, agiri hauek "aurrikusi daitekeen egutegi" batean barnean daude eta "arretaz eta zuhurtasunez" hartu behar dira, ETAk "52 urtean suntsidura" besterik ez duelako eragin.
PSE-EE
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen esanetan, ETAren agiri berriak ez du "ezer berririk" esaten eta taldeak "denok espero duguna egin gabe" jarraitzen duela azpimarratu du, behin-betiko armak uztea.
"Espainia eta ia euskal gizarte osoa" eta "alderdi politikoak" ETAren "behin betiko desagerpena" eskatu dute eta ETAk kasurik ez egitea deitoratu du Pastorrek.
Aralar
Aralarrentzat ETAren azken agiria ez da nahikoa eta Gernikako Hitzarmenaren sinatzaileek eta "orokorrean Euskal Herriko gizarteak" neurriak hartzea eskatu zion ETAri, horrelako ekintzak ez gertatzeko.
"ETAren ustez arduradunak Espainia eta Frantziako Gobernuak dira baina bere ekintzen eta erabakien arduradun bakarra ETA bere dela uste dugu", adierazi du Aralarrek.
Ezker Batua-Berdeak
Bere aldetik, Serafin Llamas Ezker Batua-Berdeakeko bozeramaileak "behin betikoz" ezker abertzalearen autonomia "osoa" aitortzea eskatu dio ETAri, politika soilik "bide bakezale eta demokratikoetatik egiteko".
Llamasentzat, positiboa da ETA "su-eten orokorra, behin-betikoa eta egiaztagarriaren" alde egiten duela berrestea baina, ordea, negatiboa da ez duela taldearen desagerpena iragartzen.
Bildu
Bilduren ustez (EA, Alternatiba eta independenteak), ETAren azken komunikatuak "indarkeriarik gabeko egoera bidean aurrerapausoa da", izan ere, urtarrilean iragarritako "behin betiko su-eten egiaztagarria eta orokorra berretsi du".
Horren harian, "egiaztatze-prozesua" abian jartzeak duen garrantzia azpimarratu du. Gernikako Akordioan aipatzen den bezala, prozesu horretan Espainiako eta Frantziako Estatuek parte hartu behar dute.