Politika -

NAFARROA

Esporrinek Iruñeko alkatetzara aurkeztuko dela baieztatu du

Azken hauteskundeetan hirugarren izan bazen ere, Iruñeko alkate izateko gai ikusten du bere burua PSNko buruak. EH Bilduren babesa beharko luke horretarako, baina ez duela horiekin negoziatuko esan du

Maite Esporrin, Radio Euskadin.
Maite Esporrin
Maite Esporrin, Radio Euskadin.

play icon 57:51

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 26ko hauteskundeek Nafarroan utziko egoera politiko konplexua hizpide izan dute larunbat goiz honetan Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' saioan.

Enrique Mayaren Navarra Sumak 13 zinegotzi lortu zituen Iruñean, Joseba Asironen EH Bilduk 7, Maite Esporrinen PSNk 5 eta Itziar Gomezen Geroa Baik 2.

Navarra Sumak zinegotzi bat beharko luke gehiengo osorako (14) eta EH Bilduk PSNren eta Geroa Bairen botoak beharko lituzke 14 zinegotziren babesa izan eta Joseba Asiron alkatetzan mantentzeko. Sozialistek, baina, argi utzi dute ez dutela EH Bildurekin itunik hitzartzeko asmorik, eta Maria Esporrinek gaur bertan baieztatu du hirugarren indarra izan arren, alkate izateko hautagai gisa aurkeztuko dela ekainaren 15eko inbestidurara.

Atzo, aukera horretaz galdetuta, Joseba Asiron Iruñeko egungo alkateak baztertu egin zuen Maite Esporrin alkategai sozialistari babesa ematea, eta era berean, PSNri laguntza eskatu zion Nafarroako hiriburuko alkate izateko berriro.

Esporrinek argi eta garbi utzi du ez duela EH Bildurekin negoziatuko baina koalizio abertzaleari "erantzukizunez jokatzeko" eskatu dio Udala "eskuinaren esku eror ez dadin". Iruñean Navarra Sumak ez gobernatzea "EH Bilduren esku" egongo dela ere gehitu du gaur Radio Euskadin.

Ekainaren 15eko udal osaketan, inongo hautagaik ez baditu 14 boto lortzen, automatikoki, maiatzaren 26ko hauteskundeetan boto gehien lortu zituen zerrendako lehen hautagaia izendatuko dute alkate, Enrique Maya, alegia.

Ana Elizalde UPNko ordezkariak, bere aldetik, gogorarazi nahi izan du Navarra Suma izan dela Nafarroan boto gehien lortu dituen aukera, eta hori argi izanda, PSNrekin akordioak egiteko prest daudela ere gehitu du.

Iñaki Cabases (Geroa Bai), berriz, itxaropentsu agertu da bai Iruñeko Udalean baita Nafarroako Gobernuan ere Navarra Sumari irabazteko aukerarekin.

Zentzu horretan, bilera erronda hasiko du datorren astean PSNko buru Maria Chivitek Geroa Bairekin eta Izquierda Ezkerrarekin Nafarroan Navarra Sumak gobernatu ez dezan. Dena dela, horien botoak eskuratuko balitu ere, EH Bilduko legebiltzarkideen abstentzioa beharko luke presidente izateko, baina esana dauka ez dituela bilera errondan sartu ere egingo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea PSN Nafarroa EH Bildu Nafarroako Hauteskundeak Iruñeko Udala Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak