Politika -
EAJ - PSE BILERA
Ortuzarrek eta Mendiak gobernu ituna egiteko negoziazioa abiarazi dute
Datozen egunetan berriro biltzekotan gelditu dira, datari zehaztu ez badute. Bi alderdien helburua udaletan eta aldundietan gobernatzeko ituna egitea da, duela lau urte egin zuten moduan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzarrek eta Idoiak Mendiak asteazken honetan abiarazi dute EAJk eta PSE-EEk udaletan eta foru aldundietan gobernatzeko ituna adosteko negoziazioa.
Bilera goizean egin dute Bilboko Sabin Etxean, EAJren egoitza nagusian, bi alderdietako iturriek jakinarazi dutenez.
Gaurkoa lehendabiziko batzarra izan denez, gai orokorrez hitz egiteko baliatu dute. Aurrerantzean bilera gehiago egingo dituzte, baina, oraingoz behintzat, ez dute egutegirik zehaztu.
Euskadiko Alderdi Sozialistaren estatutuen arabera, EAJrekin lortutako edozein akordiok militanteen oniritzia beharko du eta, beraz, barne kontsulta bat egingo dute.
Udalen osaketa ekainaren 15ean izango da, eta ordurako akordioa eginda eta berretsita izan beharko dute.
Azken egunotan, EAJko nahiz PSE-EEko buruzagiek argi eta garbi adierazi dute beraien lehentasuna duela lau urte egindako ituna errepikatzea dela udaletan eta aldundietan gobernatzeko.
Alderdien arteko akordioak "leialtasun partekaturik" gabe ezin direla ulertu azpimarratu du Mendiak Euskadiko sozialisten Batzorde Nazionalaren aurrean.
Sozialistek ezohiko Batzorde Nazionala egin dute, M26ko hauteskundeen emaitzak aztertzeko. EAJko eta PSE-EEko ordezkaritzen arteko lehen bilera aldi berean gertatu da.
"Egonkortasuna behar dugu, eta horrek aniztasuna onartzea behar du, eta gobernatzeko gehiengo nahikorik ez duzunean, ezin zara boikota egiten saiatu. Egonkortasuna gobernuan zein oposizioan egoten jakitea da, leialtasuna eta lasaitasuna esan nahi du. Egonkortasuna akordioetara heltzeko gaitasunak neurtzen du, eta akordioak leialtasun partekatua oinarritzat hartuz landu behar dira. Kontrakoa ez litzateke ulertuko", azaldu du Mendiak.
PSE-EEko idazkari nagusiak ziurtatu duenez, akordio batera heltzeko "lehen baldintza aniztasuna onartu eta aitortzea da", "mahai batean zenbakiak" jartzea ez delako; Euskadi "herri ikaragarri anitza da eta ukatzeak edo txikiagotzeak lubakiak sortuko lituzke eta hanka-sartze larria litzateke".
Zentzu horretan, Euskadiko sozialistek itunen alde egindako "apustuak" erakunde batzuen gobernagarritasuna edo "eserleku bat gorabehera" baino "haratago begiratzen du", "adostasunerako esparruak posible egitea" bilatzen dutelako "herri anitz batean, gizarte gisa aurrera egiteko eta elkarbizitza blindatzeko".
Horregatik, PSE-EErekin adostutako itun batek gobernuak osatzeko baino balio handiagoa duela uste du Mendiak, "eta hori ulertzen ez dutenak ondorioen erantzule izango dira".
Mendiaren ahotan, PSE-EEk eta EAJk egonkortasunaren eta itunen alde egindako apustuarekin "erabat asmatu" dute, ez bakarrik bi alderdiek lortutako emaitzengatik, "euskal politikara lasaitasuna" ekarri dutelako baizik.
"Euskadi iraganeko hanka-sartzeak errepikatzetik libratu du erabaki sozialistak. Euskal politika egiteko modua aldatu dugu, uste sendoa dut. Gure erantzukizunik gabe udal eta foru gobernuak eta Euskadi Kataluniako gatazkak kutsaturik leudeke", adierazi du.