Politika -
Dokumentazioa
ETAren xantaia, azken 40 urteetan
Lehenengo aldian lapurretak eta bahiketak egiten zituzten, eta bahituetako batzuk hiltzen ere hasi ziren. Gero, enpresariei zuzendutako "iraultza zerga" delakoarekin hasi ziren, gaur arte.
Erredakzioa
ETA duela 40 urte hasi zen enpresarien kontrako erasoak egiten. Lehenengo aldian, enpresen kontrako lapurretak eta bahiketak egiten zituzten. Lehenengo lapurreta ezaguna 1974an egin zuten, CAF enpresan, eta Lorenzo Zabala eta Felipe Uharte izan ziren erreskateak lortzeko bahitu zituzten lehenengoak, 1972n eta 1973an hurrenez hurren.
Gero, bahituak hiltzen hasi ziren. Angel Berazadi Elgoibarreko Sigma enpresako gerentea bahitu eta hil egin zuten 1976an eta 1977an Javier Ibarra. Jose Maria Ruiz Urchegui enpresariaren kontrako atentatua (1996) eta Jose Mari Kortaren hilketa (2000) duela urte gutxi izan ziren.
Era berean, eta presio hori medio, enpresariei gutunak bidaltzen hasi zen ETA. Dirua eskatzen zieten enpresariei, "iraultza zerga" delakoaren bidez.
1980ko hamarkadako bahiketa laburrek luzeagoei eman zieten bidea. 1980ko hamarkada amaieran eta 1990ekoaren hasieran hainbat hilabeteko bahiketak egiten hasi ziren: Emilio Revilla 1988an bahitu zuten eta 249 egunez izan zuten gatibu; Julio Iglesias 116 egunez izan zuten bahituta 1993an; Jose Maria Aldaya ia urtebete egon zen ETAren esku 1995ean eta Cosme Delclauxek 232 egun eman zituen bahituta 1996an.
ETAren mehatxu sarearen kontrako atxiloketak hasi ziren gero. 80ko hamarkadarako dagoeneko hasiak ziren atxiloketak eta ezaguna izan zen ''Sokoa'' operazioa. Azken operazioa 2006an izan zen, Irungo Faisan Ostatuaren kontrakoa.
Espainiako eta Frantziako poliziek behin baino gehiagotan atzeman dituzte ETAk mehatxu bidez eskuratutako dirutzak. Hori horrela, Parisen, Revillaren bahiketaren ondoren, milioika pezeta atzeman zituzten. Hala ere, hainbat iturri judizialek diote orotara ehunka milioi euro eskuratu dituela ETAk mehatxu gutunen bitartez.