Politika -
Senatua
EAJk senatari bat utziko die JxCAT eta CCri, talde parlamentarioa osatu dezaten
Luke Uribe-Etxeberria gipuzkoarra Junts per Catalunyak eta Coalicion Canariak osatzen duten Senatuko talde nazionalistaren seigarren kidea izango da.
Agentziak | Erredakzioa
EAJk senatari bat utzi dio Junts per Catalunyari, Senatuan Coalicion Canariarekin batera talde parlamentarioa sortzeko aukera izan dezan. Horrela, Luke Uribe-Etxebarria Kataluniako eta Kanarietako alderdien taldekoa izatera igaro da.
JxCATek lau ordezkari baino ez ditu Senatuan, eta taldea osatzeko sei behar dira. Kataluniako independentistek akordioa sinatu dute berriz ordezkari bakarra duen Coalicion Canariarekin. Beraz, bien artean bost lortuta, bat behar zuten.
Horregatik, EAJk Luke Uribe-Etxebarria gipuzkoarra aukeratu du Junts per Catalunya-Coalicion Canaria taldean sartu dadin. Jeltzaleek azaldu dutenez, JxCAT "Katalunian errotuta dagoen alderdia da, eta gainera, bere nazioaren adierazgarria den ideologia defendatzen du; beraz, bere ahotsa Gorte Nagusietan entzun behar da, batez ere lurralde ordezkapenaren Ganbaran".
Bi alderdien arteko ohiko lankidetzaren barruan kokatzen da erabakia. Apirilean, Andoni Ortuzar eta David Bonhevi buruzagiek akordioa sinatu zuten, Kataluniako alderdia Europako Parlamentuetako hauteskundeetara bakarrik aurkeztea erabaki ondoren.
Hitzarmena Bilboko Sabin Etxeko egoitzan sinatu zuten, eta bi alderdiek "komunean dituzten helburu politiko nazionalak eta sektorialak lortzeko" erabilgarriak izan daitezkeen estrategia bateragarriak aintzat hartzen ditu.
Jokin Bildarratz EAJren bozeramaileak esan duenez, "Senatuak Katalunian Konstituzioaren 155. artikuluko neurriak justifikaziorik gabe eta modu desproportzionatuan aplikatu zitueneko orrialde beltza ahaztu behar du". "Horretarako, ezinbestekoa da Kataluniako errealitate politikoko sentsibilitate adierazgarrienetariko bati beharrezko erremintak eman behar zaizkio", gehitu du.
Senatari jeltzaleak berriro azpimarratu duenez, "erakundeen kalitate demokratikoa eta elkarrizketa demokratikoko beharra arazo politikoak konpontzeko bide bakarra dira". Bestalde, Uribe-Etxeberriarentzat, "plazera eta ohorea da pisu politiko handia duen eta historikoki gauza asko komunean ditugun alderdi bati laguntzea". "Haiekin EAJk daukan benetako konpromisoa erakusten du", gehitu du.