Politika -

UDALEN OSAKETA EAE-N

EAJren eta PSEren esku geratu dira udal handienetako aginte makilak

Hiru hiriburuez gain, Barakaldo, Getxo, Portugalete, Santurtzi, Basauri, Leioa, Erandio, Sestao, Sopela, Mungia, Muskiz, Trapagaran, Andoain, Pasaia, Laudio eta Amurrio eskuratu dituzte, besteak beste

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainaren 15 honetan osatu dira Espainiako Estatuko udal-gobernu berri gehienak. Euskal Autonomia Erkidegoan, EAJk eta PSE-EEk erdietsitako akordioari esker, udalerri handienetan aginduko dute, hiru hiriburuetan, esaterako.

Udalez udaleko eraketa prozesu honetan gehien irabazi duena EAJ izan da. Maiatzaren 26an emaitza onak izan zituen arren, udal-botere are gehiago lortu du sozialistekin egindako itunari esker. Gainera, Arabako bi udalen alkatetza eman die EH Bilduk jeltzaleei, eta PPk beste bat.

EAEn, EAJk 123 alkatetza lortu ditu, horien artean hiru hiriburuetakoak, EH Bilduk 84 eskuratu ditu, PSE-EEk 11 alkate lortu ditu, eta PP 2rekin geratu da, Araban.

Eguna normaltasunez garatu da, Samaniegon izan ezik. PSEko zerrendetan joan zen zinegotzi independenteak ez du itun hori errespetatu eta EAJri botoa eman beharrean, EH Bilduko hautagaia eman dio, eta horri esker, koalizio abertzaleak eskuratu du Samaniegoko Udala.

Hiru hiriburuetan, ezustekorik ez: Juan Maria Aburto hautau dute alkate Bilbon; Eneko Goia Donostian eta Gorka Urtaran Gasteizen. Lehen bietan, EAJ-PSE koalizioak gehiengo osoz aginduko du, baina Arabako hiriburuan zinegotzi baten faltan geratu dira.

EAEko hiri jendetsuenak formula honekin gobernatuko dituzte, beraz, salbuespen batekin: Errenteria; bertan, EH Bildu izango da berriz ere Alkatetzan.

Bizkaiko Udalak

Ia ezustekorik ez da izan Bizkaian, eta EAJren eta PSE-EEren arteko itunak garaipen erosoa eman dio Aburtori Bilbon, baita inguruetan dauden hiri handietako alkategaiei ere: Barakaldon, Getxon, Portugaleten, Santurtzin, Basaurin, Leioan, Erandion, Sestaon, Sopelan, Mungian, Muskizen, Trapagaranen, Enkarterrietan, Ermuan eta Portugaleten (PSErena izango da alkatetza azken hiru udalerri horietan).

Akordio horri esker, gainera, Alonsotegi eskuratu dute jeltzaleek (Iñigo Urkullu lehendakariaren jaioterria), maiatzaren 26an bigarren izan ondoren, eta gauza bera Abadiñon: independenteen botoari esker, EH Bilduri Alkatetza kenduz.

EAJtik esan dutenez, "ezberdinen arteko akordioak egiteko gaitasun" horri esker lortu dituzte Dima eta Zaldibar ere.

Durangoko Alkatetza EH Bilduren esku gelditu da lehen aldiz
Durangoko Alkatetza EH Bilduren esku gelditu da lehen aldiz
Durangoko Alkatetza EH Bilduren esku gelditu da lehen aldiz

1:45

EH Bilduk, berriz, ituna egin du Elkarrekin Podemosekin, eta horri esker, hiru alkatetza historiko kendu dizkiote EAJri: Durango, Galdakao eta Arrigorriaga.

Bakio eta Zaratamo ere EH Bilduren esku geratu dira, bertako herri plataformetako zinegotzien babesari esker.

Gipuzkoako Udalak

Duela lau urte ez bezala, gaurkoan ez da sorpresarik izan EAJ-PSE akordioa gauzatzerako garaian Gipuzkoan. Hala, EAJ 18 udalen "jabe"egin da, eta sozialistek 8 eskuratu dituzte, horietako batzuk lurraldeko handienak: Irun eta Eibar. Berrobi eta Larraul ere sozialisten esku geratu dira, eurena izan baitzen aurkeztu zen zerrenda bakarra.

Maiatzaren 26an EH Bildu izan zen bozkatuena Gipuzkoako 49 herritan, horietatik 40tan gehiengo osoz, eta azkenean, 44 alkatetza lortu ditu, EAJ-PSE itunak bost udal kendu baitizkie: Andoain eta Pasaia -PSErentzat- eta Lezo, Mendaro zein Soraluze EAJren alde.

Hainbat herritan, Errenterian eta Ordizian, esate baterako, Elkarrekin Podemoseko zinegotzien babesarekin lortu dituzte gehiengo osoak.

Ika-mika guztien ondoren, Santanori egokitu zaio aginte makila
Ika-mika guztien ondoren, Santanori egokitu zaio aginte makila
Ika-mika guztien ondoren, Santanori egokitu zaio aginte makila

2:08

Arabako Udalak

Arabako hiri handienak EAJren esku geratu dira larunbat honetan: Gasteiz, Laudio eta Amurrio.

Gainera, EAJk eta EH Bilduk bat egin dute Arabar Errioxan, PPren udal gobernurik izan ez zedin ez Bastida ezta Guardian ere; eta biak EAJren esku geratu dira, ondorioz.

Kuartango ere EAJk eskuratu du, kasu honetan PPk eman dion botoari esker.

Azkenik, EH Bilduk ezin izan dio Zigoitiako Alkatetzari eutsi, azken hauteskundeetan bozkatuena izan arren, EAJ-PSE itunak agintea kendu baitie.

Hemen eguneko argazkiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Eae-ko udal eta foru hauteskundeak