Politika -
Presoak
Sarek bosgarren urteurrena ospatu eta sakabanaketa amaitzeko urratsak iragarri ditu
Presoen eskubideen aldeko ekimenak jakinarazi du Espainiako eta Europako parlamentuetara joko duela, “gaitasun legegilea dutelako”, “salbuespen neurriak” bertan bera gera daitezen eskatzeko.
agentziak | erredakzioa
Sare euskal presoen eskubideen aldeko ekimenak ziklo berria ireki du, eta iragarri du Espainiako eta Europako parlamentuetara joko duela legegintzaldi honetan eman diezaioten amaiera "mendeku kartzea politikari".
"Espainiako Parlamentuan gehiengo berriak osatu dira, euren burua aurrerakoitzat dutenak, eta legeak egiteko gaitasuna dute. Horregatik, gehiengo horiek erabiltzeko eskatuko diegu euskal presoen kolektiboari ezartzen zaion salbuespen erregimena amaitzeko", azaldu du Joseba Azkarraga Sareren bozeramaileak.
Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburu ohiak adierazpen horiexek egin ditu plataformaren bosgarren urteurrenaren harira Donostian egin duten ekitaldiaren aurretik.
Azkarragak esan du bost urteotan Sare hazi egin dela, "askoz ere zabalagoa eta, batez ere, anitzagoa" bilakatu dela, eta "oso poliki" bada ere, gauzak lortu dituela.
Espainiako "Gobernu berria osatzen denean orain artekoak baino erritmo askoz ere azkarragoa hartuko duela espero dugu", gaineratu du.
Azkarragak aitortu du Sareren jardun nagusia Euskal Herrian egiten bada ere, "Estatu eta Europa mailan" ere lan egingo dutela "euskal presoekin egiten ari diren injustizia amaitzeko".
"Bizikidetzaren alorrean" ere lan egingo duela iragarri du. "Bizikidetza eremuak bilatu behar ditugu iraganean borrokatu garen horiekin, eta iraganean ahaztuta izan diren kolektiboekin. Herri baketsu bat eraiki nahi badugu, argi dago denekin hitz egin behar dugula, eta bizikidetza eremua guztiz oinarrizkoa da", berretsi du.
Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusia, ezker abertzaleko historikoak, Rufi Etxeberria tartean, Antton Lopez Ruiz 'Kubati' ETAko preso ohia, eta Arantza Zulueta eta Amaia Izko abokatuak bertaratu dira ekitaldian, besteak beste.
Javier Madrazo Ezker Batuko buruzagi ohia eta Gorka Knorr EArena ere bertan zeuden, Xabier Ezeizabarrena EAJren batzarkidearekin batera.