Politika -
Eskubideen aldeko mendi martxa antolatu du Gure Eskuk ekainaren 29rako
Arantzazutik abiatu eta Urbia zelaigunean amaituko da. Jantzi edota konplementu horiak eramateko deia egin dute plataformatik.
eitb.eus
Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako makrosumarioaren amaierarekin bat eginez, 'Eskubideen aldeko Mendi Martxa' antolatu du Gure Eskuk ekainaren 29rako. Goizeko 10:00 Arantzazutik (Gipuzkoa) abiatuko da ibilaldia eta 12:00etan, Urbiako zelaigunean, ekitaldia eta mosaikoa egingo dute, preso politikoekin elkartasunez.
Era berean, keinu gisa, jantzi edota konplementu horiak eramateko deia egin dute plataformatik, "oinarrizko eskubide eta askatasunen aldeko borrokan konpromiso irmoa" adierazteko eta preso politikoei elkartasuna adierazteko.
Oinarrizko eskubideak (manifestazio eskubidea, biltzeko eskubidea, informazio eskubidea eta adierazpen askatasuna) "kriminalizatzen dituen prozesu bat onartezina dela" esan dute. Halaber, "herritarren borondatea erreferendum bidez adierazi izana jazartzen ari dira, bidegabe eta modu neurrigabean". Horrenbestez, "akusatu guztien askatasuna eta erabateko absoluzioa ekarri behar du epaiketa politiko horrek, hori baita amaierarik justuena".
"Ezin dugu ahaztu egunero badirela beste hainbat eta hainbat kasu askatasun zibilak urratzen ari direnak eta botere faktikoak ezkutatzen, kronifikatzen eta ahazten saiatzen direnak", esan dute. Ildo horretan, gogora ekarri dute Altsasuko gazteek 948 egun daramatzatela preso, taberna bateko lixkar batengatik.
Gatazka politikoen aurrean, eskubideak kriminalizatu beharrean, bide politiko eta demokratikoak nagusitu behar direla esan dute. "Espainiako estatuaren indarkeria, errepresioa, eta elkarrizketarako borondate ezaren horma eraisteko ahaleginetan jarraitu behar dugu, itxaropenez eta determinazioz, oinarrizko eskubideak defendatzen eta erabiltzen jarraituz"..
Kataluniako auziak konponbide politiko eta demokratiko bat behar duela azpimarratu dute eta "ezinbesteko erreferendum hori bera izan behar da euskal herritarrok gure auziari bide emateko erabiliko dugun tresna ere". Horrenbestez, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Gasteizen egindako gonbita aintzat hartu dute eta "oinarrizko eskubide eta askatasunen aldeko borrokan konpromiso irmoa hartua dugu, eta pauso bat bera ere ez dugu atzera egingo", gaineratu dute.