Politika -
Etorkin-oldeei aurre egiteko
Etorkizun-oldeen aurrean Bruselak mugetan kontrolak proposatu ditu
Bruselak Europar Batasuneko barne mugetan kontrolak berriro ezartzeko eztabaida hasi du, legez kanpoko etorkin-oldeei aurre egiteko.
Erredakzioa
Europako Batzordeak proposamen multzo bat aurkeztu du gaur Schengengo Itunaren funtzionamendua hobetzeko; besteak beste, salbuespen egoeretan (legez kanpoko etorkinen etorrera masiboaren aurrean, esate baterako) EB barruko estatuen arteko mugetan aldi baterako kontrolak ezartzea proposatu dute.
Europar Batasunak azkenean amore eman du Italiaren eta, batez ere, Frantziaren asmoen aurrean; Berlusconik eta Sarkozyk Schengengo Ituna aldatzeko eskatu dute etorkinen krisiari aurre egiteko.
Schengen guneko egonkortasuna babesteko, baliteke ez ohiko egoeratarako barne mugetan kontrolak ezartzea beharrezkoa izatea, esan du Cecilia Malstrom Barne Gaietarako arduradunak.
Schengengo Ituna aldi baterako bertan behera uzteko mekanismo honek "argi zehaztutako irizpideak" izango lituzke oinarrian, eta Europan "zein estatu kidek jarriko lituzkeen mugak eta zenbat denboraz" argi jaso beharko luke.
"Estatu kide batek EBko kanpo mugaren bere zatia babesteko betebeharra betetzen ez duenean edo kanpoko gertakariak direla-eta kanpoko mugaren bere zatia zaindu ezin duenean" jarriko litzateke abian neurria.
Malmstromen ustez, "Schengengo Ituna Europar Batasunaren lorpen handia da eta babestu egin behar dugu". Mugarik gabeko guneak "puntu ahulak" ditu ordea, horren iritzian, "estatu kideen konfiantza falta dela-eta" eta "horiek konpontzen saiatu behar gara", gaineratu du.