Politika -
Terrorismoaren biktimak
Lasa: 'Biktimei eskuzabaltasuna eskatu diedala esatea nazkagarria da'
Terrorismoaren Biktimak Artatzeko Bulegoaren zuzendariak agerraldia egin du Legebiltzarrean. Iragan martxoan AVTk Maixabel Lasarekin zuen bilera bertan behera utzi eta polemika piztu zuen.
Erredakzioa
Erakunde terroristaren amaieraren aurrean ETAko biktimei eskuzabaltasuna eskatu izana leporatzea "nazkagarria" dela salatu du gaur Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimak Artatzeko Bulegoaren zuzendariak.
Eusko Legebiltzarreko batzordean agerraldia egin du gaur Lasak, PPk eta UPyDk eskatuta. Iragan martxoan AVTk Lasarekin zuen bilera bertan behera utzi eta polemika piztu zuen. Terrorismoaren amaierari laguntzeko Lasak Sorturen legezkotasuna onartzea eskatu ziela salatu zuen beste elkarteren batek.
Eusko Jaurlaritzak Sorturen legezkotasuna onartzeko biktimak "limurtu" dituenik ukatu zuen Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Legebiltzarrean.
"Existitu ez den zerbaitetaz" azalpenak emateko agerraldia egin behar izana deitoratu du Lasak. Zuzendariaren ahotan, polemika "material ustelaren" gainean eraiki eta "interes faltsuetan" oinarritu zuten.
"Zoritxarrez" bera ere terrorismoaren biktima dela gogorarazi du Lasak. Ondorioz, norbaitek "biktimei eskuzabaltasuna eskatzen nihoala pentsatzea higuingarria da", gaineratu du.
"Espekulazio garbia"
Sortu legeztatzeko babesarekin "trafikatzen" aritu izana ukatu du Lasak, "espekulazio garbia delako".
Urteko lehen hiruhilekoan biktimen elkarteekin bilerak izan zituela onartu du Lasak, baina egoera politikoaren inguruan Eusko Jaurlaritzaren jarrera azaltzeko. Ezker abertzalearen jarrerak eta biktimen planteamenduak mintzagai izan zituzten.