Politika -
Elkarrizketa ETB-2n
Patxi Lopez: 'Ezker abertzaleak hasitako bideak balio politikoa du'
Auzitegi Konstituzionalak "Bilduri botoa eman nahi diotenen eta koalizioaren aldeko botoa eman nahi ez dutenen eskubideak bermatzea" espero du lehendakariak.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak hasitako bidearen "balio politikoa" onartu du Patxi Lopez lehendakariak, "guztiek hori eskatu izan diogulako". Hala ere, "nahikoa egin ez" dutela erabaki dute auzitegiek, "edo behintzat sinesgarritasuna falta" zaiela, "30 urte indarkeriari babesa ematen egon ostean". Ondorioz, "mundu horri gehiago eskatu behar diogu", erantsi du.
"Batasunako kideek operazioan parte hartu izanak Bildu hauteskundeetara aurkezteko aukerarik gabe utz" dezakeela hainbat aldiz entzun izan duela azaldu du lehendakariak. "Hori da niretzako balio politikoa duena", argudiatu du.
Plato 2.0 ETB-2 saioan egindako elkarrizketan, Auzitegi Konstituzionalak "Bilduri botoa eman nahi diotenen eta koalizioaren aldeko botoa eman nahi ez dutenen eskubideak bermatzea" espero duela adierazi du lehendakariak.
Aurreko hauteskundeetan "alderdi batzuk ETAren mehatxupean aurkeztu" zirela gogorarazi du Lopezek. Hauteskunde-kanpainak eskoltekin egiten zituzten eta "atentatu baten beldurrarekin bizi ziren", agintariaren hitzetan. Horregatik, Konstituzionalak "guztien eskubideak bermatu behar" dituela azaldu du. "Bilduri botoa eman nahi diotenen eskubideak, eta askatasunean bizi nahi dutenen eskubideak", gaineratu du.
Gemma Zabaleta Lan sailburuaren adierazpenak mintzagai izan ditu lehendakariak (Gorenak hartutako erabakiarekin bat ez zetozen epaileekin ados dagoela esan zuen). Auzitegien erabakiak "onartu" behar direla azpimarratu du Lopezek, baina "gero beraiekin ados egon gaitezke ala ez, Zabaletak egin bezala".
"Bilduren barnean legezko bi alderdi demokratiko daude. ETAko estrategiaren zerbitzura daudela esaterik ez dago, eta horregatik auzitegiaren erabakia oso konplexua da, dena zuria edo beltza ez delako", nabarmendu du Patxi Lopezek.
Bildurekin hauteskundeen ostean itunak lortzeko aukeraz galdetu diote lehendakariari. Lopezek erantzun argia eman du: "Bildurekin ez dugu akordiorik sinatuko", adierazi du.
"Behin betiko erabakirik ez" dagoela errepikatu du Lopezek, ondorioz, "auzitegiek erabakiko dutena aurreratzerik ez dago".
Bestalde, bere Gobernuak inkestetan duen balorazioa kezkatzen ez duela adierazi du lehendakariak. Lopezen esanetan, "EAJ 30 urte izan da Jaurlaritzan" eta "inertziak aldatzeko denbora behar da". Gainera, "krisi garaietan balorazio ona duen gobernurik ez" dagoela erantsi du.
Langabezia
Langabeziak 1.604 lagunetan gora egin zuen apirilean, Euskadin. Datua "ona ez" dela adierazi du Lopezek, baina lanpostuak sortu direla argudiatu du, Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin baitu.
Lehendakariak azaldu duenez, "670 lagunek alta eman dute Gizarte Segurantzan" EAEn. Ondorioz, "lanpostuak sortu dira" hilabete horretan eta dagoeneko urte hasieratik 3.200 dortu dira.
Bin Laden
Bestalde, Osama Bin Ladenek "bere patua erabaki" zuela adierazi zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak. Lehendakariak presidentearen hitz horiek kritikatu ditu. Lopezen hitzetan, "ez da adierazpen egokia izan". "Bin Laden atxilotzea nahiago luke Zapaterok berak ere", azaldu du.
Operazio mota hauek "ez dira batek nahi duen bezala amaitzen", adierazi du lehendakariak. Bin Ladenen heriotza "ospatzearekin" bat ez datorrela esan du. Torturapean lortutako informazioak "sistema demokratikoarekin bateragarriak ez" direla gaineratu du.
EAJ-PSOE harremana
EAJren eta PSOEren arteko harremana Eusko Jaurlaritzaren eta Zapateroren Gobernuaren artekoa baino emankorragoa ote den galdetu diote lehendakariari. Zapaterorekin duen harremana "jakitera emateko beharrik" ez duela erantzun du Lopezek. "Badirudi batzuek jakitera emateko beharra dutela", erantsi du.
Kongresuan PSOEren eta EAJren arteko "harreman logiko" bat dagoela defendatu du agintariak, "gehiengoak lortzeko", baina Jaurlaritzaren eta Espainiako Exekutiboaren arteko lankidetza "emankorra eta positiboa" dela goraipatu du. "Antza denez, Zapaterorekin etengabe bilduta dagoela esateko beharra du norbaitek", gaineratu du jeltzaleei erreferentzia eginez.