Politika -

Nafarroa

Chivite 'baikor' agertu da EH Bildu salbuesten duen akordioaren negoziazioarekin

Bilera sorta bukatu ostean, Unai Hualdek esan du une honetan ez direla betetzen Nafarroako Presidentetzara hautagaitzak aurkezteko beharrezkoak diren baldintzak.

Unai Hualdek ordezkari sozialistekin izandako bilera. Argazkia: EFE
Unai Hualdek ordezkari sozialistekin izandako bilera
Unai Hualdek ordezkari sozialistekin izandako bilera. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak ostegun honetan itxi du Gobernuko presidentea hautatzeko egin duen bilera sorta, PSNren, Geroa Bairen, Ahal Duguren eta Ezkerraren negoziazioek aurrera egingo duten esperoan.

Asteazken eta ostegunean, maiatzaren 26ko hauteskundeetan Parlamentuan ordezkaritza lortu zuten alderdi guztiekin bildu da, eta ondorioztatu du une honetan ez direla betetzen Nafarroako Presidentetzara hautagaitzak aurkezteko beharrezkoak diren baldintzak.

"Horrenbestez, ezin dugu inbestidurarako hautagairik proposatu, eta horixe da asteleheneko Mahaian eta Bozeramaileen Batzordean jasota geratuko dena", esan die Hualdek kazetariei.

Chivite 'baikor' agertu da

PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako Gobernurako hautagai Maria Chivite "baikor" azaldu da Geroa Bairekin, Ahal Dugurekin eta Ezkerrarekin abiatutako negoziazio prozesuaz hitz egiterakoan. Ildo horretan, Chivitek berretsi du EH Bildurekin ez dutela itunik egingo.

Hualderekin batu ostean emandako prentsaurrekoan adierazi duenez, akordioak lortzeko bidean dabiltzan alderdien aldetik "asmo ona" ikusi du. "Eraikitzeko eta batzeko asmoa erakutsi dute, eta hori garrantzitsua da bizikidetza ardatz duen etorkizuneko programa bideratzeko orduan", azaldu du.

Hartara, buruzagi sozialistak gogorarazi du aurreko legealdian ekimenen % 75 babestu zutela. "Azken lau urteotan onartutako legeetan aurrerapausoak ematen jarraitu nahi dugu, nahiz eta zenbait kontutan ez gatozen bat alderdi nazionalistekin", gaineratu du.

Horregatik, Chiviteren esanetan, "lau alderdiek desadostasunak hitzartu beharko dituzte". "Desakordioak koordinatu beharko ditugu; besteak beste, AHTrekin lotutakoa", argitu du.

Halaber, argi utzi du ez dutela EH Bildurekin gobernu programarik itunduko, baina "egunerokoan guztiekin hitz egingo dugu, horretan oinarritzen baita Parlamentuaren jarduna".

Nafarroako Gobernua koalizio batek zuzenduko duen galdetuta, Chivitek "pausoz pauso" joatea eskatu du: "Orain, programa sortzen gabiltza, badakigu zer eraiki nahi dugun, gero gerokoak".

Barkosek ez du posible ikusten Chiviteren inbestidura

Geroa Bairen izenean, Uxue Barkosek Parlamentuko presidenteari jakinarazi dio gaur-gaurkoz ez dela posible inbestidurako hautagaia aukeratzea.

Hualderekin egon ostean, komunikabideei esan die Geroa Bai ez dela inbestidura saiora aurkeztuko, baina egonkortasuna emango duen prozesu horretan parte hartu nahi duela.

Barkosen iritzian, PSN, Geroa Bai, Podemos eta Ezkerraren arteko negoziazioak bide onetik doaz, baina goiz da oraindik, astelehenean hasi baitziren. "2015ean hitzartutako itunak argi utzi zuen metodologia eta edukiak landu behar direla, dela akordioetan, dela desakordioetan", baieztatu du.

"Gu ez gara EH Bilduren defendatzaileak, halere, beharrezkoa da gehiengo aritmetikoak dituzten indarrek Parlamentuan ordezkaritza izatea", errepikatu du.

Bukatzeko, kezkatuta azaldu da batzuek, berariaz, Nafarroaren irudi desitxuratua eman dutelako, Foru Erkidegoaren kalterako eta interes alderdikideen mesederako.

Uxue Barkos y Unai Hualde.

Uxue Barkos eta Unai Hualde. Argazkia: EFE

Esparza, Navarra Sumak eta PSNk zuzendutako Gobernuaren alde

Chiviteri buruz mintzatuta, Javier Esparza UPNko presidenteak ulertezintzat jo du EH Bildurekin batera gobernua zuzentzeko prest egotea, "kosta ahala kosta eta mugarik gabe" presidente izan nahi duela iritzita.

Hualderekin izandako solasaldiaren ondotik, Gobernu konstituzionalista baten eraketa defendatu du, Navarra Sumak eta PSNk bat eginda. Horren harira, Esparzak uste du Nafarroan hartzen den erabaki ororen giltzarri izango direla, Parlamentuaren % 40 ordezkatzen duelako.

"Herritarren ezezkoa eman zioten laukoari, eta badirudi PSNk lauko horrekin elkartu nahi duela Uxue Barkosen politikei eusteko. Horrek esan nahi du lur jota dagoen Gobernua zuzendu nahi duela", adierazi du. Haren aburuz, anbizioak jota, "bosteko koalizioa osatzera hel gintezke".

"Antza denez, Uxue Barkosen salbatzaile izan nahi du Chivitek", komentatu du Esparzak, Navarra Sumak Foru Erkidegoari egonkortasuna eman ahal diola nabarmendu ostean.

Delegación de Navarra Suma, con Una Hualde.

Carlos Perez Nievas eta Javier Esparza, Unai Hualderekin. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Navarra Suma Nafarroako Gobernuko presidentea I-E