Politika -

BIKTIMAK

Jonan Fernandez: 'Giza eskubideen urraketa guztiak gaitzetsi behar dira'

Euskal talde parlamentario guztiek torturaren biktimen oroimeneko eguna izendatzea babestu zuten aurreko astean, NBEk bultzatutako ekainaren 26ko nazioarteko eguna erreferentzia izanda.

Jonan Fernandez Radio Euskadin, artxiboko irudi batean.
Jonan Fernandez Radio Euskadin, artxiboko irudi batean.
Jonan Fernandez Radio Euskadin, artxiboko irudi batean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Legebitzarreko Giza Eskubideetarako, Elkarbizitzarako eta Kooperaziorako idazkari nagusiak ohartarazi du torturak edo GAL zein beste erakunde terroristek "guztien gaitzespen irmoena" merezi badute ere, ezin dela "salbuespenik egin ETAri buruz ari garenean".

Euskal talde parlamentario guztiek torturaren biktimen oroimeneko eguna izendatzea babestu zuten aurreko astean, NBEk bultzatutako ekainaren 26ko nazioarteko eguna erreferentzia izanda, eta horri egin dio erreferentzia Fernandezek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

"Pauso oso garrantzitsua" dela esan du, bai edukian baita moduan ere: "giza eskubideen urraketen biktima izan diren pertsona guztien aitortzan eta elkarbitzitzan aurrea egitea lan konplexua da eta adostasunaren bidea lantzen saiatu beharra dago".

Fernandezen iritziz, torturena bezalako "gai delikatu" batean pauso bat eman ahal izateak, "egin beharreko bidea markatzen du". "Torturaren biktimen auzian pauso handiak eman dira eta orain poliziaren abusuen biktimen legea bultzatzen ari gara. Parlamentuan izan den akordio hau urrats bat gehiago da bide horretan" esan du.

"Euskal auzian poliki-poliki egiten dugu aurrera, gertakizun jakin batzuen inguruko egia argitaratzen duten txostenak eginez. Torturen inguruko txostenak egin dira, mehatxatuta bizi izan diren pertsonen inguruan... dena dela, aurrera egiteko behar-beharrezkoa da akordio minimo bat egotea giza eskubideen inguruan izandako urraketen balorazio kritikoan eta gaitzespenean, noski", "hori gertatu ezean, errenka errenka goaz aurrera", hausnartu du.

Horregatik, Fernandezek uste du torturak edo GAL zein beste erakunde terroristek "guztien gaitzespen irmoena" merezi badute ere, ezin dela "salbuespenik egin ETAri buruz ari garenean".

"Etorkizunari buruz eta elkarbizitzari buruz hitz egiteko ezinbestekoa da tradizio politiko guztien artean, salbuespenik gabe, ados jarriko gaituen gutxiengo bat izatea: giza eskubideen urraketa guztiek, ETArenak barne, balorazio kritikoa behar dute".

"Terrorismoak uzten dituen zauriak sakonak dira eta ez dira egun batetik bestera ezabatzen", esan du. Besteak beste, denbora behar dela osatzeko adierazi du, eta ildo horretan gogorarazi du 2003an hasi zirela biktima ezberdinen arteko elkarrizketa ekimenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak Giza eskubideak