Politika -
Adierazpen instituzionala
Lehendakariak ETA betiko desagertzeko eska dezala exijitu dio Bilduri
Auzitegi Konstituzionalaren erabakia "legezkoa eta demokratikoa" dela adierazi du Patxi Lopezek, baita Gorenaren epaia berretsi izan balu ere.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak ETAri "behin betiko" desager dadila eskatzeko exijitu dio Bilduri.
Bilduren proposamena sinesgarria izan dadin "beste urrats bat" eman behar dutela azaldu du Patxi Lopezek, eta ETAri su-etena mantentzea baino "behin betiko desagertzea" exijitu behar diotela azpimarratu du.
"Iruzur berririk" ez dutela onartuko ohartarazi du lehendakariak. "Metodo onartezinak erabiltzeagatik jokoz kanpo geratu ziren" lehen, lehendakariaren esanetan; orain, "demokraziara itzulita", indarkeria gaitzesten dutela froga dezatela eskatu die, eta demokraziak "defendatzeko tresna gehiago" dituela gaineratu du.
EAk eta Alternatibak "ezker abertzaleak demokraziarekin, euskal gizartearen aniztasunarekin eta indarkeriarekin amaitzeko konpromiso garbiak, argiak eta tinkoak" har ditzan "aukera paregabea" dutela adierazi du lehendakariak.
Konstituzionalaren erabakia errespetatzen du
Auzitegi Konstituzionalak Bilduren hautagaitzen inguruan hartutako erabakia onartzen dutela adierazi du eta "gure Zuzenbide Estatuak ondo funtzionatzen" duen seinale dela gaineratu du. Konstituzionalaren epaia "legezkoa eta demokratikoa" dela eta Gorenaren auzia berretsi izan balu ere halaxe izango litzatekeela azpimarratu du lehendakariak