Politika -
Duela 11 urte hil zuen ETAk
Lopez de Lacalle gogoratu eta Zuzenbide Estatua babestu dute Andoainen
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ekitaldiaren amaieran esan du Bilduko kideak omenaldian egotea gustatuko litzaiokeela, "egokiagoa" izango zelako.
Erredakzioa
Jose Luis Lopez de Lacalleren senitartekoek, lagunek eta lankideek kazetaria gogoratu dute larunbat honetan, ETAk hil zuela 11 urte betetzen diren egunean. Kalean egin duten ekitaldian Estanis Amutxastegi, Andoaingo alkateak Zuzenbide Estatuaren defentsa aldarrikatu du.
Andoaingo Udalak deitutako ekitaldia ETAk 2000ko maiatzaren 7an hil zuen kazetariaren izena daraman parkean egin dute; bertan dozenaka lagunek minutu bateko isiltasuna gorde dute.
Parte hartzaileen artean Mari Mar Artolazabal, Lopez de Lacalleren alarguna eta Alain semea zeuden eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak eta Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimen Atentziorako Bulegoko zuzendariak babesa eman die.
Ekitaldian izan dira baita ere, Miguel Buen PSE-EEtik Gipuzkoako ahaldun Nagusirako hautagaia edota Juan Carlos Cano PPko hautagaia, Andoainen PPko zinegotzia ere badena.
Minutu bateko isilunea gorde baino lehenago, Andoaingo alkateak, Estanis Amutxategi sozialistak hitz egin du eta omenaldian "faltan" bota dituela esan du "Zuzenbide Estatuaren gainean astakeriak esan dituztenak".
"Jose Luisen hilketa txaloka adoretu zuten horiek eta bere hiltzaileak oraindik ez dira Zuzenbide Estatuan sartu, esandakoa atzera bota eta herrialde honetan Zuzenbide Estatua dagoela esan beharko dute" esan du alkateak.
Ekitaldiaren amaieran, Rodolfo Ares sailburuak azaldu du, Eusko Jaurlaritzak ekitaldiari babesa eman diola Lopez de Lacalle eta "terrorismoaren biktima guztiak" gogoratzeko, eta ETAren aurkako borroka mantentzeko konpromisoa berretsi du.
"Biktimei egin diezaiekegun omenaldirik onena ez dela biktima gehiago egongo iragartzea da" esan du Aresek, eta ondoren gogorarazi du "ETA su etenean dago baina oraindik ez da desagertu", beraz, "lanean jarraitu behar da ETAren aurka Zuzenbide Estatuaren tresna guztiak erabiliz" gaineratu du.
Bilduren gaineanAuzitegi Konstituzionalak Bilduren gainean emandako sententziaren eta ondorengo erreakzioen gainean, Aresek adierazi du Eusko Jaurlaritzak Gorenaren erabakia errespetatu eta onartu zuela koalizioa abertzalearen zerrendak baliogabetu zituenean eta beraz, orain ere berdina egiten duela nahiz eta aurreko sententzia atzera bota.
"Botereen arteko banaketaren gainean errespetua eskatzen dugu; agerian gelditu da berme guztiak dituen Zuzenbide Estatu batean bizi garela" gaineratu du Herrizaingo sailburuak.
Aresek esan du gustatuko litzaiokeela Bilduko kideak omenaldian egotea, bere ustez beti "egokiagoa" delako "terrorismoaren biktimen omenaldi guztietan alderdi politiko eta instituzio guztiak egotea".