Politika -

Kooperazio Gobernua

PSOEk Unidas Podemosi egindako itun eskaintza babestu du PSE-EEk

Bere inbestidura zehazteko saiakeran, Pedro Sanchezi babesa adierazi dio PSE-EEren Zuzendaritza Batzordeak. Sanchez eta Iglesias astearte honetan bilduko dira.

PSE-EEren Zuzendaritza Batzordea. Artxiboko argazkia: EFE
PSE-EEren Zuzendaritza Batzordea.
PSE-EEren Zuzendaritza Batzordea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEren Zuzendaritza Batzordea arratsaldean bildu da, Bilbon. Kooperazio Gobernua osatzeko, PSOEk Unidas Podemosi eskainitako itun programatikoa babestu dute Euskadiko sozialistek. Eskaintzaren arabera, Pablo Iglesiasen koalizioko kideek ez dute lekurik izango Ministroen Kontseiluan.

Bere inbestidura zehazteko saiakeran, Pedro Sanchez PSOE idazkari nagusiari babesa adierazi dio PSE-EEren Zuzendaritza Batzordeak ohar batean. Horretarako, Zuzendaritza Federalak igandean onartutako agiria oinarri hartu dute EAEko sozialistek: "Espainiak aurrera: Gobernu Sozial, Feminista, Ekologista, Europeista eta Progresista baterako kooperazio proposamen irekia".

Itun programatiko batean lanean hasteko eskaintza egin dio PSOEko Zuzendaritzak Unidas Podemosi astelehen honetan, kooperazio Gobernua osatzeko. Koalizio morearekin Exekutiboa adostu nahi dute sozialistek. Pablo Iglesiasen koalizioko kideek tokia izango dute Administrazioan, baina erdi-mailako karguetan soilik, sekula ez Ministroen Kontseiluan.

Zuzendaritza Batzordeak onartutako dokumentua Pedro Sanchezen hitzaldiaren ardatza izango da inbestidura saioan, uztailaren 22an. Hala ere, Podemosen ekarpenei zabalik dago alderdia, Cristina Narbona PSOEko presidenteak azaldu duenez.

Cristina Narbona PSOEko presidentea. Argazkia: EFE

Cristina Narbona PSOEko presidentea. Argazkia: EFE/Luca Piergiovanni

Agiriak 38 orrialde eta bost bloke nagusi ditu. PSOEk hauteskunde programaren laburpen bat egin du: enplegu duina eta pentsioak; feminismoa eta gizarte desoreken aurkako borroka; larrialdi klimatikoa eta ekonomiaren trantsizio ekologikoa; aurrerapauso teknologikoa eta trantsizio digitala; eta Espainia Europan, Espainia munduan.

Bilera

Negoziazioan aurrera egiteko asmoz, Sanchez eta Pablo Iglesias astearte honetan bilduko dira. Negoziaziorako batzorde bat izendatu du PSOEk: Adriana Lastra Kongresuko bozeramailea, Maria Luiz Martinez Seijo diputatu eta PSOEko Hezkuntza idazkaria, Maria Jesus Montero jarduneko Ogasun ministroa eta Francisco Salazar diputatu eta PSOEko Hauteskunde Ekintza idazkaria.

Bestalde, PSE-EEko Zuzendaritza Batzordeak gogorarazi duenez, hauteskunde orokorretan eserlekua lortu zuten EAEko 18 diputatu sozialistek "Gobernu progresista baten beharra ikusten dute, eskuinen batasuna eragozteko, Euskadiren autogobernuarekin konpromisoa izateko; Pedro Sanchezek zuzendutako Exekutibo bat da aukera bakarra".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Pablo Iglesias Alderdi politikoak Pedro Sánchez PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak