Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Polizia gehiegikerien legeari PPk ezarritako helegitea artxibatu du Konstituzionalak
Josu Erkorekak positibotzat jo du epaia, auziaren funtsak interes orokorrari eragiten diola pentsatuko balu, Auzitegi Konstituzionalak horren gaineko ebazpena eman lezakeela iritzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Polizia gehiegikerien lehen euskal legearen aurka Mariano Rajoyren Gobernuak aurkeztutako helegitea artxibatzea erabaki du Auzitegi Konstituzionalak. Horren aurrean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du itxura guztien arabera Ciudadanosen errekurtsoa ere gaindituko duela lege horrek.
Modu horretan, PPren helegitearen harira Pedro Sanchezen Gobernuak emandako atzerapausoa onartu du auzitegiak.
Hain zuzen ere, Ciudadanosen errekurtsoa tramitera onartu eta egun batera eman du Konstituzionalak epai horren berri. Kasu horretan, Legebiltzarrak onartutako polizia gehiegikerien lege berriaren aurka jo zuen alderdi laranjak. Lege horrek Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren artean adostutako aldaketak jasotzen ditu.
Gobernu Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan, Erkorekak positibotzat jo du epaia, auziaren funtsak interes orokorrari eragiten diola pentsatuko balu, Auzitegi Konstituzionalak horren gaineko ebazpena eman lezakeela iritzita.
Konstituzionalak, baina, helegitea artxibatzea erabaki du. Gainera, besteak beste, Dignidad y Justicia elkartearen pertsonatzeari ezezkoa eman dio, horretarako legitimatuta ez dagoela arrazoituta.
Erkorekak, bestalde, ez du auzitegiak Ciudadanosen helegitearen aurrean hartuko duen jarrerari buruz hitz egin nahi izan, nahiz eta "nahiko konbentzituta" esan duen epaileek konstituzionaltasunaren alde egingo dutela.