Politika -

Paris

Gutxienez 152 lagun atxilotu dituzte Frantziako Egun Nazionaleko protestetan

Agintariek debekatu egin zituzten 'txaleko hori'en elkarretaratzeak eta manifestazioak hiriburu osoan.

Frantziako bandera osatu dute hegazkinek Parisen. Argazkia: Efe
Frantziako bandera osatu dute hegazkinek Parisen. Argazkia: Efe
Frantziako bandera osatu dute hegazkinek Parisen. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 152 pertsona axilotu dituzte gaur 'txaleko hori'ek Frantziako Egun Nazionalaren harira Parisen antolatu dituzten protestetan. Atxilotuen artean protesta mugimenduaren buruzagietako bi omen daude. Agintariek debekatu egin zituzten 'txaleko hori'en elkarretaratzeak eta manifestazioak hiriburu osoan.

Parisko Fiskaltzak baieztatu egin du Jerome Rodriguez eta Maxime Nicolle atxilotu dituztela, eta legez kanpoko manifestazioa deitzeagatik deklaratuko dutela.

Hiri osoa kontuan izanda, guztira 152 dira atxilotuak protestekin lotuta, abisurik gabe manifestazioa egiteagatik, istiluengatik, agenteei eraso egiteagatik edo armak izateagatik.

Militarren desfilea

Eliseo Zelaietan ohiko desfile militarra egin dute, Emmanuel Macron presidentea buru zela, eta dozenaka pertsonak bizkarra eman eta oihu egin diote protesta gisa.

Desfilearen aurretik zabaldutako mezu batean, Macronek Frantziako Estatuko eta Europako segurtasunarekiko "konpromiso ukaezina" berretsi du. "Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik sekula ez da horren garrantzitsua izan. Frantziarentzat lehentasuna da Aliantza Atlantikoaren defentsara bideratutako Europa eraikitzea. Hori da desfile honen arrazoia", azaldu du.

"Elkarrekin indartuko dugu kolektiboki lan egiteko gaitasuna, horixe baita Europako Eskuhartze Ekimenaren eta beste proiektu europar batzuen erronketako bat", adierazi du hamar estatuk osatzen duten koalizio militarrari erreferentzia eginez.

'Soldadu hegalaria'

Desfilean dronak, ibilgailu txiki autonomoak, dronen aurkako armak eta "soldadu hegalaria" erakutsi dituzte. Azken horrek ikuskizun harrigarria eman du plataforma hegalari batean zutik hegaldi azkar eta zehatza egin duenean.

4.300 bat militar, 200 ibilgailu eta aireko indarren 100 ibilgailu baino gehiago atera dituzte kalera, Eliseo Zelaietara eta Eiffel dorre ingurura. Aurtengoan Espainiako indarrek ireki dute desfilea.

Uztailaren 14an, Frantziak Bastilla hartu zutela oroitzen du. 1789ko Frantziako Iraultzan bertan zituzten preso preso politikoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Paris Frantzia bideoak Eguneko albisteak Albisteak