Itxi

Politika

Nafarroa

PSNk gaur berrekingo die Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioei

Euskadi Irratia | Erredakzioa

Sanferminen aurretik akordio programatikoa adostu zuten sozialistek, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Exekutiboaren egitura hitzartu behar dute orain.

1:16
Nafarran gobernu negoziazioak

Sanferminetako etena amaituta, Nafarroako Gobernua negoziatzeko unea iritsi da. PSNk gaurko deitu ditu negoziazioetan kide dituen gainerako alderdiak: Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra (I-E).

San Fermin jaien aurretik sinatutako akordio programatikoa Gobernua osatzeko garaian nola hezurmamitzen den ikusi beharko da.

Maria Chivite PSNko buruak nabarmendu zuenez, Exekutiboaren "organigrama" adosten saiatuko dira datozen harremanetan.

Uztailaren 5ean itxi zuten 479 neurri programatiko biltzen dituen akordioa, ia 80 orrialdekoa. Orain argituko dute programa hori beteko duen gobernuak zenbat kolore izango dituen. Geroa Baik dagoeneko esan du exekutibo horren barruan egon nahi duela; Ahal Duguk eta I-Ek, berriz, ez dute hain argi. Ikusteko dago, ordea, PSNk zer proposatzen duen.

Elkarrizketak gorabehera, bi puntu izan beharko dituzte kontuan: batetik, Madrilgo inbestidura saioak eta bertako negoziazioek Nafarroan izan dezaketen eragina, eta, bestetik, gehiengo osoa lortzeko falta dituzten eserlekuak (akordioa babesten duten taldeek 23 ordezkari dituzte, eta 26 behar dira gehiengo osoa izateko).

Horren harira, Chivitek joan den astean iradoki zuenez, Navarra Sumaren abstentzioa ere lor zitekeen agian. Geroa Baitik segituan erantzun zuen ezetz, adostu duten programak ez duela Navarra Sumarentzat tokirik.

EH Bilduren arabera, bestalde, euren babesa nahi badute, eurekin hitz egin beharko dute. PSNk, ordea, lehenengo lepotik du burua.

Ikusteko dago, beraz, zelan burutzen den prozesua. Dena ondo bidean, uztail amaierarako edo abuztu hasierarako espero da Chivite Nafarroako Gobernuko presidente izendatzeko inbestidura saioa.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena