Politika -
Ebazpena
Usabiaga aske mantentzea erabaki du Auzitegi Nazionalak
Bateraguneren bidez Batasuna berrantolatzen saiatzeagatik 10 urteko zigorra ezar liezaiokete LAB sindikatuko idazkari ohiari. Auzitegiaren arabera, Usabiagak ez du "ETAren ekitaldietan" parte hartu.
Erredakzioa
Rafa Diez Usabiaga LAB sindikatuko idazkari nagsui ohia aske mantentzea adostu du Auzitegi Nazionalak. Bateraguneren bidez Batasuna berrantolatzen saiatzeagatik 10 urteko espetxe-zigorra ezar liezaiokete Usabiagari. "ETAko sare terroristaren" ekintza politikoetan parte hartzeko debekua bete ez duenik "ez dute erabat frogatu", Auzitegiaren arabera. 2010eko apirilean Baltasar Garzon epaileak ekintza horietan parte hartzeko debekua ezarri zion eta bere ama zain zezan aske utzi zuen.
Voces contra el Terrorismo-Verde Esperanza elkarteak aurkeztutako errekurtsoa atzera bota du Auzitegi Nazionalak autoan. Auzian herri akusazioa eramaten du elkarte horrek. Auzipetuak "erakunde terrorista goraipatzeko" ekitaldi politikoetan parte hartu ez duela diote Poliziaren hiru txostenek eta Auzitegiak argudio hori erabili du helegitea ez onartzeko.
Hala ere, txostenen arabera, Diez Usabiaga Iñigo Iruin abokatuarekin batera Sorturen aurkezpenean, otsailaren 7an, Euskalduna Jauregian, izan zela onartzen du auzitegiak. Era berean, otsailaren 25ean alderdi berri horren estatutuen aurkezpen ekitaldian izan zela onartu du auzitegiak. Aldi berean, Usabiagak "beste auzi batean inplikatutako pertsona batekin harremanak izan zituen", txostenen arabera.
Gainera, LAB sindikatuko buruzagi ohiak Donostiako jatetxe batean "ETArekin lotura izateagatik epaitutako lagunekin" hiru bilera izan zituela baieztatu du Poliziak. Era berean, Gipuzkoako hiriburuko kafetegi batean kazetari batekin bildu zen Usabiaga.