Politika -

Inbestidura

Sanchezek ez du Iglesias nahi balizko koalizio gobernu batean

Buruzagi sozialistaren ahotan, "Espainiako demokrazia defendatuko duen" presidente bat beharko du, eta ez "Kataluniako independentzia bultzatu zuten akusatuak preso politikoak direla dioen bat".

PSOEren zuzendaritza. Argazkia: EFE
PSOEren zuzendaritza.
PSOEk erantzunkizuna eskatu die gainontzeko alderdiei

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PSOEko hautagaiak ostegun honetan azpimarratu duenez, Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruzagia koalizio exekutibo bateko kide izateko "baldintzak ez dira ematen".

Buruzagi sozialistaren ahotan, "Espainiako demokrazia defendatuko duen" presidente bat beharko du, eta ez "Kataluniako independentzia bultzatu zuten akusatuak preso politikoak direla dioen bat". Iglesiasek "publikoan zein pribatuan" esan du, erantsi duenez.

Sanchezen hitzetan, Auzitegi Gorenak Kataluniako auziaren inguruko epaia ematen duenean, Espainiak "krisirik larrienetako bat" biziko du, eta aurre egiteko "ideiak argi dituen Gobernu bat" beharko du.

"Leialtasunagatik bestaldera begiratzen" edo isilik mantentzen den presidenteorde bat izateko "atrebentziarik" ezin du izan, ezta desadostasunengatik "geldirik" dagoen gobernu bat ere, gaineratu duenez.

Sanchezek Iglesiasen aurka gogor egin du La Sexta telebistan. Ministroen Kontseiluan esertzeko baldintza gobernu akordio bat lortzeko "oztopo nagusia" dela "oso argi" du PSOEko presidentegaiak.

Unidas Podemoseko kideekin koalizio gobernu bat osatzeko eskaintza datorren astean iraungiko dela ohartarazi dio Sanchezek Iglesiasi, inbestidura bozketan, alegia.

Sanchezek gaineratu duenez, bera orain da hautagaia, ez abuztuan edo irailean; orduan "askoz ere zailagoa" izango dela uste du. Gobernu baten faltan, azaroan hauteskunde berriak egingo balira, herritarren "nekea" ulertuko lukeela adierazi du, "Gobernu bat izateko botoa eman dutelako", baina antzeko emaitza izango zenik ez du uste: "Beno, ikusi beharko, hilabeteotan gertatutakoa kontuan izango lukete espainiarrek".

Podemos: "Ez da karguez hitz egin"

PSOEren hautagaiarekin "karguez" hitz egin dutenik ukatu du Yolanda Diaz Unidas Podemoseko diputatuak. "Tonua jaisteko" eskatu dio Diazek Sanchezi. Diazen esanetan, sozialistaren adierazpenak "ez dira errespetuzkoak, ia lau milioi boto bildu dituen indar politiko batentzako".

Inbestidura babesteko negoziazioetan, Podemosek presidenteordetza sozial bat, Hazienda eta Enplegu ministerioak eta Gobernuko Komunikazioaren kontrola bereganatzea eskatu duela zabaldu da azken orduetan. Diputatuen Kongresuko korridoreetan zurrumurru horien inguruan galdetu diote Diazi.

"Ez da karguez hitz egin", nabarmendu du Diazek. Ustezko eskakizun hauetan "sakontzen jarraitzea harritzen nau", duela egun batzuk Sanchezek berak "ukatu" zituenean. "Presidentea gezurretan ari ez dela uste nahi dut", bota du.

PSOE, PPri eta Ciudadanosi begira

Bestalde, Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak esan du Pablo Casado PPko presidentearekin hitz egiteko ahalegina egingo dutela orain, "Espainiak gobernu bat behar duelako" eta "erronkek beste alderdi batzuekin elkartzea eskatzen dutelako".

Abalosek Onda Cero irrati katean egin ditu adierazpen horiek. Ildo horretan, argi utzi du inbestidura baino lehen Pedro Sanchez Presidentetzarako hautagaia Casadorekin bilduko dela berriro, baita Albert Rivera Ciudadanoseko presidentearekin ere.

Abalosek, bestalde, gogor kritikatu du Podemosek negoziazioetan erakutsitako jarrera, eta ohartarazi du "gobernu bat ez dela bi proiekturen batuketa, ezta horietako baten neutralizazioa ere".

ERCri buruz galdetuta, nabarmendu du bilerak "zintzoak" izan direla, baina ez duela aldeko botorik espero. "Gure gobernua ez blokeatzeko asmoa badute, normalena abstenitzea izango litzateke", adierazi du.

Ferrazen PSOEko Zuzendaritza Batzordeak bilera egin aurretik kazetariek inbestiduraren inguruan egindako galderei erantzunez, Oscar Puente bozeramaileak esan du "mundu guztiak bezala" ez duela "susmo onik".

Esan bezala, Podemosen galdeketaren emaitza ezagutaraziko duten egun berean egin du bilera PSOEk Ferrazen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pablo Casado Blanco