Politika -
Bilduren inguruan
Rubalcaba: 'Epaitegiek hitz egin dute, orain herritarrek egingo dute'
Errandonearen argazkia "probokazio argia" dela uste du Barne ministroak, baina "arrazoi moralak eta juridikoak ezberdindu behar" direla erantsi du.
Erredakzioa
Estatuko Abokatutzak Bilduren hautagaitzen aurka helegite berri bat aurkeztuko ote duen galdetu diote Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroari. "Epaitegiek hitz egin dute eta orain herritarrek hitz egin behar dute", erantzun du Rubalcabak.
Bilduren hautagaitzen kontrako errekurtso berri bat aurkezteko ostegunera arte dute Gobernuak eta Fiskaltzak, koalizioak alderdien legea urratzen duela agerian uzten duten datu berriak baldin badaude.
Ander Errandonea Arruti ETAko preso ohiaren argazkia (espetxetik ateratzean Bilduren aldeko pankarta eskuetan zuela) "probokazio argia" dela uste du Barne ministroak, eta "demokraten haserrea piztu du", baina "arrazoi moralak eta juridikoak ezberdindu behar" direla gaineratu du.
"Mundu guztiak daki hori horrela dela, gutxieneko hezkuntza juridiko bat duen orok", erantsi du.
Eskakizuna oposizioari
"Posible ez den zerbait eskatzeko ohiko jokorik" ez egitea eskatu dio oposizioari Rubalcabak, "nahiz eta hauteskundeetan etekina lortu demokraziarentzako oso txarra delako".
Gainera, alderdiei erantzukizuna eskatu die ministroak, "gauza bat probokazioek sortzen duten haserra delako -Errandonearen argazkia Bilduren pankartarekin adibidez- eta beste bat, auzitegien aurrean aurka egiteko arrazoi juridikoak". "Lehen mailako zuzenbide ikasle batek" ezberdintasun hori ezagutzen du, Rubalcabaren ahotan.
Auzitegiei "eskaini ezin dezaketena eskatzea" Zuzenbidezko Estatuarentzako eta terrorismoaren aurkako borrokarentzako "oso txarra" dela errepikatu du Barne ministroak.