Politika -

Inbestidura

Hasierako puntura itzuli eta beste bide batzuk aztertu behar direla esan du Sanchezek

Alderdi bakoitzaren interesak lehenbailehen alde batera utzita, Espainiak gobernua izan dezan laguntzeko eskatu die buruzagi sozialistak PP, Cs eta Podemoseko buruzagiei.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak ez zuen presidente izendatzeko babes nahikorik lortu ostegunean. Dena dela, hautagai sozialistak ziurtatu du ez duela amore emango, eta hurrengo bi hilabeteetan akordioa lortzen saiatuko da. Gauzak horrela, egungo egoera politikoa “guztion artean” desblokeatzeko helburuarekin, PP, Cidadanos eta Unidas Podemoseko buruzagiei deituko diela iragarri du. “Hasierako puntura itzuli eta beste bide batzuk aztertu behar dira”, gaineratu du.

Telecinco telebista katean egindako elkarrizketa batean, Sanchezek ziurtatu du Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia “nabarmen okertu” dela sozialistek egindako proposamena baztertzean. Hala, koalizio gobernua osatzeari ezetz esan ostean, "egin duen akatsaz jabetzen hasia" dela esan du, eta “bere alderdia irteerarik gabeko kalezulora” eraman duela azpimarratu du.

Buruzagi sozialistak ohartarazi duenez, PSOEk Unidas Podemosi koalizio gobernua osatzeko egin zion proposamena ostegunean iraungi zen, inbestidura saioaren bigarren bozketa egitean. Hala, Diputatuen Kongresuan ordezkari gehien dituzten lau talde politikoek “egungo egoera desblokeatzeko erantzukizuna” dutela ziurtatu du.

"Akordioa lortzeko bide berriak aztertu behar ditugu. Guk bat erabili dugu, eta egia da irteerarik gabeko kalezulo batera iritsi garela, baina horrek ez du esan nahi bidaiaren amaiera denik, hauteskundeak errepikatzera behartuta gaudenik. Hala, hasierako puntura itzuli behar gara eta beste bide batzuk aztertu", esan du Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak.

Testuinguru horretan, Unidas Podemos, Ciudadanos eta PP gogoeta egitera gonbidatu ditu Sanchezek, eta, alderdi bakoitzaren interesak lehenbailehen alde batera utzita, Espainiak gobernua izan dezan laguntzeko eskatu die. Hautagai sozialistak esan duenez, “zapuztuta” sentitu da inbestidura saioan porrot egin ostean, eta Iglesiasekin “desengainu handia hartu” duela nabarmendu du, gobernua osatzea galarazi dion "bigarren aldia" delako. Ildo horretatik, egungo egoera politikoarekin herritarrak haserre egotea ulertzen duela esan du, eta gobernua "lehenbailehen" osatzea lortzeko lan egingo duela ziurtatu du.

Iglesiasek “gobernu paralelo bat” nahi zuen

Bozketa egin aurretik, Iglesiasek Kongresuko tribunatik egin zion azken eskaintza entzutean “aho zabalik” geratu zela esan du Sanchezek. Bere iritziz, Podemosen jarrera horrek argi erakusten du Iglesiasek "oso serioski" baloratu zuela "gobernu paralelo bat izatea Espainiako Gobernuaren barruan", eta, hori, Espainiak eta berak presidente gisa ezin dutela onartu esan du, “gobernua kohesionatuta egon behar delako, behin eta berriro gauzak aurpegiratzen dizkion beste gobernu bat barruan izan gabe”.

Gauzak horrela, Kongresuan ordezkari gehien dituzten lau alderdiak “interes orokorra” lehenesteko gai izango direla sinetsita agertu da Sanchez. Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak ez du independentisten babesa behar duen gobernu bat osatu nahi, eta, horrek, “Podemosekin elkar ulertzea eskatzen du”. Gai askotan bi alderdiak bat etorri daitezkeela esan du Sanchezek, baina egoera desblokeatzeko PPk eta Ciudadanosek "haien partetik" jarri behar dutela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Alderdi Sozialista Albisteak Alderdi Popularra Espainiako Gobernua argazkiak Espainia bideoak Pablo Iglesias albisteak Alderdi politikoak berriak Pedro Sánchez Ciudadanosi buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Podemos albisteak