Politika -
Bilera
Ekarpenen Legea 'berritzeko' konpromisoa hartu dute Urkulluk eta ahaldun nagusiek
Lau buruzagien arteko bileran, Ogasun eta Ekonomia sailaren eta Foru Ogasunen arteko "negoziazioei berriz ekiteko" konpromisoa hartu dute, "akordioan aurrera egiteko".
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek lehen bilera bat egin dute Foru Aldundi berria osatu zirenetik. Besteak beste, Ekarpenen Legea "berritzeko" prozesua "positiboki" baloratu dute, eta Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia sailaren eta Foru Ogasunen arteko " negoziazioei berriz ekiteko " konpromisoa hartu dute, "akordioan aurrera egiteko".
Komunikatu batean Eusko Jaurlaritzak esan duenez, Urkullu, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olanoren arteko lehen lan bileraren bitartez Jaurlaritzaren Programaren betetze maila egiaztatu dute eta Foru Aldundien Programa berriak ezagutu dituzte.
Gainera, eskumen partekatuen inguruez aritu dira, "Herrialde helburuak oso presente izanda".
Ajuria Enean egindako bi orduko bileraren ostean, lehendakariak eta hiru ahaldun nagusiek "interes komuneko" gaia den enplegua nabarmendu dute, "Herrialdearen erronkarik nagusiena eta erakundeen egintza izaten jarraitzen duelako".
Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du aurtengo bigarren hiruhilekoan langabezia tasa % 9,6 izan da, "legegintzaldi osorako aurreikusitako % 10eko helburutik behera".
Bestalde, bileran "positiboki" baloratu dute martxan jarri duten Ekarpenen Legea "berritzeko" negoziazio prozesua, eta gogorarazi du konpromisoa Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailaren eta Foru Ogasunen arteko "negoziaketei berriz ekitea" dela, "akordioan aurrera egiteko" helburuarekin.
Zentzu horretan, otsailaren 14an Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak onartutako Aparteko Funtsa "akordio horretan aurrera egiteko oinarria eta erreminta da".