Itxi

Politika

ELKARRIZKETA

Jonan Fernandez: 'Harrerak bateraezinak dira biktimekiko errespetuarekin'

RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA

ETAko preso ohiei egindako harrerek biktimengan eragiten duen mina ulertzen du Eusko Jaurlaritzak eta bat egiten du horien minarekin.

  • Jonan Fernandez Radio Euskadin, artxiboko irudi batean

    Jonan Fernandez Radio Euskadin, artxiboko irudi batean. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

Espainiako jarduneko Gobernuak Fiskaltzaren esku utzi ditu ETAko bi preso ohiri asteburuan Oñatin eta Hernanin egin zaizkien harrerak. Jose Jabier Zabaleta preso ohiari larunbatean egin zioten ongietorria Hernanin, eta igandean, berriz, Xabier Ugarte preso ohiari Oñatin.

Hernaniarra larunbatean irten zen Zuerako kartzelatik, 29 urtez preso egon ondoren. Hainbat atentatutan parte hartzeagatik zigortu zuten. Xabier Ugartek, ostera, 22 urte egin ditu espetxean, besteak beste, Jose Antonio Ortega Lara espetxeetako funtzionarioaren bahiketan parte hartzea egotzita. 

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza zuzendariak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten ¿elkarrizketan adierazi duenez, "2019. urtean gisa honetako ekitaldiak bateraezinak dira giza eskubideekin, etikarekin eta biktimen eskubideen errespetuarekin".

Halaber, "sentikortasunagatik eta errespetuagatik" harrerak ez egiteko eskatu dio ezker abertzaleari.

Jose Jabier Zabaletari eta Xabier Ugarteri egindako harrerak salatu ditu Covitek

Jose Jabier Zabaleta eta Xabier Ugarte preso ohiei asteburuan egindako harrera ekitaldiak salatu ditu Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak Auzitegi Nazionalaren aurrean, terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu direlakoan.

Hernaniko eta Oñatiko Udalek espazio publikoen lagapenean izan dezaketen erantzukizuna aztertzeko ere eskatu dio Covitek Auzitegi Nazionalari.

Horrez gain, Terrorismoaren Biktimen 4/2008 Lgea urratzea aurpegiratu dio Covitek Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari. Coviteren esanetan, lege horrek "terroristei gisa horretako omenaldiak" egitea saihestea aurreikusten du. Gaineratu duenez, Segurtasun Sailak Ertzaintzaren dotazio bana bidali zuen, baina ez zuen esku hartzeko agindurik eman.

Bestalde, Jose Jabier Zabaletari egindako harrera salatu du AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak, eta Espainiako jarduneko Gobernuak ikerketa abiatzeko eskatu dio Fiskaltzari.

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena