Politika -
SAN IGNAZIO EGUNA
Politika egiteko modu 'suntsitzailea' albo batera uzteko deia egin du Ortuzarrek
Buruzagi jeltzaleak hauteskunde orokorrak errepikatzea baztertu du. EAJren eskua luzatu du 'paralisi politikotik' irteteko, baina 'elkarrizketa eta akordioa' aldarrikatu ditu horretarako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak dei egin du, haren esanetan, estatu espainiarrean nagusitzen ari den "politika suntsitzailea" berehala albo batera uzteko, eta hauteskunde orokorrak errepikatzea baztertu du. "Ezin dira hauteskundeak behin eta berriro errepikatu batek nahi duen emaitza lortu arte. Erantzukizuna behar da", adierazi du.
San Ignazio egunaren eta EAJren sorreraren 124. urteurrenaren harira Blboko Albia lorategietan egindako ekitaldian, Pedro Sanchezen inbestidura ahalegina hizpide izan du Ortuzarrek.
"Inori leziorik emateko asmorik gabe", gauzak horrela eginda "ezinezkoa" da gauzak ongi ateratzea Ortuzarren iritziz. PSOEren eta Unidas Podemosen arteko bilerak hedabideetan zuzenean eman nahi izan direla salatu du: "Talka bilatu da akordioaren aurrean, inposaketa negoziazioaren aurrean. Horrela ezinezkoa da akordioak lortzea. Hau ez da eredua", ohartarazi du.
Hori dela eta, politika egiteko modu suntsitzaile hori lehenbailehen aldatzeko deia egin du. "Politika berria hau baldin bada EAJren ereduarekin gelditzen naiz. Politika likidoaren aurrean, EAJren politika sendoa", aldarrikatu du.
Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoa jarri du eredu gisa eta azken hiru hamarkadatan, ia erakunde gehienetan, koalizio gobernuak izan direla gogoratu du. "EAJ dagoen tokian, akordioa dago", ziurtatu du.
Ortuzarren hitzetan, gehiengo absolutuko garaiak historia dira Diputatuen Kongresuan. Gaineratu duenez, akordioak bilatu behar dira eta horretarako partekatu egin behar da, amore eman.
Gauzak horrela, EAJren eskua luzatu du "paralisi politikoari" aurre egiteko. "Elkarrizketa bakarrik eskatzen dugu. Ez dago elkarrizketa eta akordioa beste biderik", amaitu du.