Itxi

Politika

Nafarroako Gobernua

'Ezberdinen arteko akordioen' alde egin du Chivitek inbestiduran

Agentziak

"Bere eserlekua" ETAko biktimen "gainetik" jartzea egotzi dio Esparzak Chiviteri."Gainbeheran dagoen" eskuinaren "nortasun eztabaida faltsuetan" ez erortzeko eskatu dio Barkosek presidentegaiari.

1:34
Maria Chivite eta Uxue Barkos berbetan

Maria Chivite, PSNren Nafarroako Presidentetzarako hautagaiak, lurraldea "plurala" dela defendatu du bere inbestidura saioan. Esan duenez, "pluraltasun horrek ezberdinen arteko akordioak eskatzen ditu, aukera berdintasunean, gizarte eta lurralde kohesioan eta berrikuntzan aurrera egin ahal izateko aurrerapena eta oparotasuna lortzeko".

Bere hitzaldian, Maria Chivitek akordioek "elkarbizitzan aurrera egiteko" balio dezaten eskatu du, eta "bereizten gaituen pluraltasuna eta aniztasuna arma gisa ez erabiltzeko, balio erantsi bezala baizik".

Hautagai sozialistak esan duenez, "ezkerra eta nazionalismoaren arteko akordio hau ez da berria, ez Espainian ezta Nafarroan ere, beste erakunde batzuetan ere ematen delako, eta aktoreak zentraltasun politikoan daudenean eraginkorra dela demostratu da; zentraltasun horrek pluraltasuna islatzen du, eta desberdintasunak, demokrazian legitimoak direnak, albo batean uzten ditu gehiengoaren sentsibilitate sozialak eskatzen dituen politika aurrerakoiak egiteko".

"Hondamenaren guruek jarreraz aldatu beharko dute ikusten dutenean Gobernu hau zentraltasun horretan egongo dela, eta beren proposamenak ez direla arraroak edo sektarioak izango, eta ez dutela arriskuan jarriko ezer eta ez direla katastrofe bat izango", esan du Chivitek. "Orekatuak, zentzuzkoak, arrazoizkoak eta arrazoituak izango dira, eta beti interes orokorrari erantzungo diete", gehitu du.

Hautagai sozialistarentzat "Nafarroa ez da homogeneoa eta uniformea". "Ez da ikuspuntu sozial batetik, ezta lurralde ikuspuntu batetik, eta ikuspuntu ideologiko batetik. Ez da izan behar. Horregatik, nire hautagaitzak desberdintasunari errespetua izatearekin dauka konpromisoa, eta interes orokorraren nagusitasunarekin ere, esan du.

"Bere eserlekua biktimen gainetik" jartzea leporatu dio Esparzak Chiviteri

"Bere eserlekua" ETAko biktimen eta hauteskunde programaren "gainetik" jartzea egotzi dio Navarra Sumak Maria Chivite hautagaiari, eta horretarako EH Bildu "solaskideari lehentasuna" eman dio, Foru Erkidegoko botoen % 37 dituenarekin hitz egiteari uko egin dion bitartean.

Javier Esparzaren hitzetan, bere hitzaldian Chivitek ez dio aurreko lauko gobernuari "kritikarik" egin. Horregatik, UPNko buruzagiak Exekutiboa zoriondu du, M26an "porrot" egin ondoren "politika berdinak egiten jarraituko dutelako".

Gainera, "gezurretan" aritzea leporatu dio Chiviteri, 23 eserlekuko gehiengoa osatu zezaketen zabalena zela esan duenean; izan ere, Navarra Sumak eta PSNk 30 ordezkariko gehiengoa lor zezaketen. Era berean, EH Bildu "lehentasunezko solaskidea" aipatu ez izana, eta ETAk egindako hilketez eta askatasunaz espresuki ez hitz egitea egotzi dio hautagai sozialistari, "erkidegoan sufritutakoarekin".

PSNk "hitza bete" du, "Navarra Sumarekin eta EH Bildurekin ez duelako negoziatu"

Ramon Alzorriz PSNko parlamentari bozeramaileak adierazi duenez, Nafarroako sozialistek "azkenera arte hitza bete dute", Gobernuaren osaketa "Navarra Sumarekin eta EH Bildurekin negoziatu ez dutelako". Hala ere, Geroa Bairekin, Podemosekin eta Ezkerrarekin itxitako akordioak gehiengo osorik ez duela onartu du: "Gure herriko pertsonen bizitza hobetzeko akordioak bilatzeko hitz egitea, elkarrizketa eta lana beharrezkoak izango dira".

Ramon Alzorrizen ahotan, "Gobernu hau ez da Nafarroaren gainbehera, pertsonen Exekutiboa izango dela ziur gaude".

Horrela, Maria Chiviteren Gobernuak, ostiralean presidente izendatzen baldin badute, "nafarren arteko bizikidetza bultzatuko du, ekintza politiko guztien abiapuntu pertsonen beharrizanak izango ditu" eta "gizarte politiken aldeko apustua egingo du".

"Nortasun eztabaida faltsuetan" ez erortzea eskatu dio Barkosek Chiviteri

"Gainbeheran dagoen" eskuinaren "nortasun eztabaida faltsuetan" ez erortzeko eskatu dio Uxue Barkos Nafarroako jarduneko presidenteak eta Geroa Baiko bozeramaileak Chiviteri.

Geroa Bairen "konpromiso irmoa politika aurrerakoi eta elkarbizitzarekin da", eta horregatik "erronka etorkizunari begiratzea da, politika nortasun eztabaida faltsuekin betetzeko tentaldian erori gabe, bere gainbehera ezkutatzeko saiakeran eskuinak errepikatzen dituen mantra histerikoak direlako", esan du Barkosek.

"Gaur bakean bizi gara, ETAko biktima guztien aitortzarekin. Nafarroa bere etorkizunaren jabe da, eta nafarrek nahi duguna izango da", erantsi duenez. Aldi berean, Nafarroaren arazoetako bat euskara denik ukatu du, "haren inposaketa egia ez delako; bai, ostera, nolabaiteko oztopoak garai batean".

Ruiz: "Eskuinaren alternatiba EH Bildu gabe osatzea ezinezkoa da"

Geroa Bai, Podemos eta Ezkerrarekin lortutako akordioa "zabala, barnerakoia, eraikitzailea, sendoa eta epe luzerako" ote den aztertzeko eskatu dio Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentari bozeramaileak Nafarroako presidentegaiari. Koalizioak oposizio "irmoa" egingo duela iragarri du.

"Eskuinaren alternatiba EH Bildu gabe osatzea ezinezkoa da", gogorarazi du Ruizek hitzaldian. Koalizio abertzalea oposizioan egongo dela ziurtatu du.

"Beharrezkoa denean oposizio irmoa izango da. Adibidez, egitura handiegia kritikatzeko orduan, gobernu berriak kontseilaritzak areagotuko dituelako, ia % 50 gehiago; eta konstruktiboa aurrera egitea posible denean", zehaztu du.

Buil: "Nafarren gehiengoak ez du gobernu autoritariorik nahi"

Chiviteren inbestidurari eman beharreko babesa defendatu du Mikel Buil Podemoseko parlamentari bozeramaileak, gizartearen gehiengoak "gobernu autoritariorik ez duelako nahi", nahiz eta bere alderdiarentzako "erraza ez izan".

"Nafarren gehiengoak kolorebakarreko gobernurik ez du nahi, ezta exekutibo autoritariorik ere; aurrerapenarekin eta ongizatearekin konpromisoa hartzeko, heldutasunez ados jartzeko eta emateko kapaz dira", azpimarratu du Builek.

Hala ere, Podemosentzako "ez da erraza izan", "ideologia, proiektua eta politika egiteko eran lehiatu" diogun alderdi batekin konpromisoa hartu dutelako, gogorarazi duenez. "Erretorikaz eta ikuspegi ezberdinez haratago, Chivitek jarrera bideratzailea izan du, gure erkidegoaren erronkak eta interes orokorra aurretik jarriz", onartu duenez.

Ezkerraren ustez, akordio programatikoa positiboa da, baina "gabeziak" ditu

Marisa de Simon Ezkerrako parlamentari bozeramaileak adierazi duenez, PSN, Geroa Bai eta Podemosekin batera sinatutako ituna "gutxieneko akordio" bat da, "iragan legealdiaren bultzada mantentzeko nahikoa", baina "gabezia larriekin".

Akordioa "nahi izango genukeen ezkerreko programa eraldatzailetik oso urrun geratu da", esan du inbestidura saioan.

Duela lau urte hasitako gizarte politikei eta elkarbizitzari jarraipena emango die itunak, baina "gabezia larriak ditu", ohartarazi duenez.

Bigarren bozketan

Maria Chivitek gaur abiatu du inbestidura saioa, baina ostiralean lortuko du Foru Erkidegoko presidente izateko nahikoa babes. Ondorioz, bigarren bozketan izendatuko dute Chivite Nafarroako Gobernuko presidente, gehiengo sinplearekin.

Nafarroako sozialisten buruak PSN, Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoak (23 ordezkari) izango ditu gaurko saioan, baina Navarra Sumak (20 eserleku) eta EH Bilduk (7) aurka bozkatuko dute. Lehen bozketan behar den gehiengo osotik (26) hurbil geratuko da, beraz, baina ez da nahikoa izango.

Ostiralean, bigarren bozketan, gehiengo sinplea nahikoa izango da Chiviterentzat. Kasu honetan, EH Bilduko bost parlamentari abstenitu egingo dira Chiviteren inbestidura ahalbidetzeko, alderdi abertzaleko militantziak galdeketa lotesle batean erabaki duen bezala.

Hala, hautagai sozialista presidente izendatuko dute, azken lau urteetan Nafarroa zuzendu duen Uxue Barkos (Geroa Bai) presidentearen lekukoa hartzeko.

PSNk, Geroa Baik eta Podemosek Nafarroan koalizio gobernua osatzeko ituna sinatu dute, eta Izquierda-Ezkerrak ere babesa emango dio Chiviteri, baina uko egin dio koalizio gobernuko kide izateari. PSNk 8 kontseilaritza izango ditu, Geroa Baik 4 eta Podemosek 1.

Bigarren bozketa ostiralean izango da, ordu berean. Kasu horretan, gehiengo sinplea nahikoa izango da presidente izendatzeko. Bigarren bozketan, parlamentariek ez dute hitza hartzeko aukerarik izango.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena