Politika -

Donostian

'Euskal errepublika libre' baten aldeko mobilizazioa deitu du EH Bilduk larunbaterako

Manifestazioa aurkezteko gaur egindako prentsaurrekoan, koalizioak esan du bere esku dagoen guztia egingo duela 'utraeskuinak botere instituzionala izan ez dezan'.

EH Bilduko ordezkariak, gaur Donostian. Argazkia: @ehbildu
EH Bilduko ordezkariak, gaur Donostian.
EH Bilduko ordezkariak, gaur Donostian. Argazkia: @ehbildu

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Aste Nagusiaren hasierarekin bat eginez, EH Bilduk manifestazioa deitu du larunbaterako, abuztuaren 10erako, Donostian, "euskal errepublika libre bat" aldarrikatzeko.

Koalizio abertzaleak prentsaurrekoa egin du gaur Donostiako Nautikoan mobilizazioa aurkezteko. Esti Elduainen EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak azaldu duenez, manifestazio "alaia eta jai giroaz eta aldarrikapenez betea" izango da "Gora goaz. Errepublikarantz" lelopean. Martxa 17:00etan abiatuko da, Artzain Onaren plazatik.

"Berdintasunean oinarritutako euskal errepublikan bizi nahi duten donostiar eta euskal herritar guztiei" manifestazioan parte hartzera dei egin die EH Bilduko kideak.

"Lurralde aske batean bizi nahi dugu. Herritar guztion berdintasuna oinarri duen Euskal Herri burujabe, aurreratu eta moderno batean", azpimarratu du Elduainek. "Amets" hori betetzeko oraindik "bidea" geratzen den arren, EH Bilduko batzarkideak nabarmendu du “azken urteetako eta, batez ere, azken hilabeteetako joerak” agerian uzten duela helburu hori “gero eta gertuago” dagoela.

Udal eta foru hauteskundeetan koalizio abertzaleak "inoizko emaitzik onenak" lortu zituela azpimarratu ostean, Kataluniako ERCk eta EH Bilduk osatutako ententea Espainiar estatuan “erabakigarria” dela ziurtatu du Elduainek. “Horrenbestez, berdintasunean oinarritutako Euskal Errepublikaren alde egunero lan egiten dugunok gero eta erabakigarriagoak gara”, erantsi du EH Bilduko kideak.

Gainera, une honetan "oso testuinguru historiko berezi batean" gaudela azpimarratu du Elduainek. Bere esanetan, "euskal ezkerreko subiranista euskaldunok gero eta emaitza hobeak lortzen ditugun bitartean, Espainiar estatua egiturazko krisi larri eta sakon batean murgilduta dago".

Eh Bilduren iritziz, “Espainiako estatua ahul dago, inoiz konpondu nahi izan ez duen lurraldetasunarekin lotutako krisi politiko eta instituzional sakon batean murgilduta dagoelako”.

Halaber, testuinguru hori aurreikusi duten lehenak "Estatuko eskuin muturreko ultrak" izan direla adierazi du, eta “kareta guztiak kendu” dituzte, “haien helburu bakarra Espainia batuta mantentzea baita".

"Ultraeskuinean gelditzea"

"Euskal ezkerreko subiranisten etengabeko gorakada, espainiar ultraeskuindarra gelditzea eta euskal jendarteak gure betidaniko balore politiko eta sozialak gero eta barneratuagoa izatea, milaka herritarren lanaren emaitza da”, berretsi du EH Bilduko batzarkideak. Azkenik, hau guztia ez dela “kasualitatez gertatu” azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostiako Aste Nagusia bideoak Donostiako informazioa EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak gaur