Politika -

Presoen ongietorriak

Voxek EH Bilduko alkateen kontra harrerengatik jarritako salaketa, tramitera onartuta

Presoen azken bi ongietorriak egin diren herrietako —Hernani eta Oñati— alkateak, biak EH Bildukoak, salatu egin ditu Voxek.

'Baldo'ri ongietorria Hernanin. Argazkia: EFE
'Baldo'ri ongietorria Hernanin.
'Baldo'ri ongietorria Hernanin. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Voxek Hernani eta Oñatiko EH Bilduren alkateen kontra aurkeztutako salaketa, uztailaren 27an eta 28an presoei egindako ongietorriengatik, onartu du Auzitegi Nazionalaren 4. instrukzio epaitegi zentralak.

Voxek esan duenez, epaileak auto bat atera du, salaketa hori Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) gertakizun berberen harira jarritako salaketarekin batuz.

Auzi horretan, terrorismoaren gorazarre egitearen eta biktimen umiliazioaren errudunak diren deitzaileak, parte-hartzaileak eta antolatzaileak identifikatzeko agindu dio Guardia Zibilari epaileak, baita kazetariak jo zituztenak ere.

Auzitegi Nazionalean aurkeztutako idatzian, Voxek alkateak eta EH Bildu salatu zituen, terrorismoaren gorazarre egitea leporatuta.

Santiago Abascalen alderdiarentzat, Jose Jabier Zabaleta eta Xabier Ugarte Villarren delituen gorazarrea egin zuten. 200tik gora urteko kartzela zigorra jaso zuten biek, batuta, delitu horiengatik.

"Ekintza hauek legearen babesetik kanpo geratu behar direla uste du Voxek, eta adierazpen eskubide edo askatasunek ez dute baliorik hemen, sufritzen duen komunitatearen giza eskubideen urraketa larriena baita terrorismoa", esan du alderdiak.

Polemika kartzelatik atera diren azken bi presoen ongietorrien ostean

Uztailaren 27an eta 28an izan ziren harrerak, Hernanin eta Oñatik. AVTk, Covitek eta Voxek salatu zituzten.

Jose Jabier Zabaleta, Baldo, ETAko buruzagi ohia, Zuerako (Zaragoza) espetxean 29 urteko zigorra bete ostean itzuli zen Hernanira, eta Xabier Ugarte Villar, Jose Antonio Ortega Lara bahitu zutenetako bat, Topaseko (Salamanca) kartzelan 22 urte eman ondoren itzuli zen Oñatira.

Presoei egindako ongietorriak ez direla "omenaldiak" esan zuen Sarek, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean, arazoa ez dela ongietorria esan zuen Otegik, baizik eta "gauza horiek eztabaida politikoan jartzeko erabili nahi dituzten sektoreak" daudela. Hitz egiteko eta "elkarbizitza kudeatzeko" prest agertu zen.

Arazoa ekitaldi horien "arrandia publiko eta politikoa" dela erantzun zion Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernua, bestalde, 2011ko Terrorismoaren Biktimen Aitortza eta Babeserako Legearen erreforma prestatzen ari da eta, zirriborro horren arabera, presoei harrera egiteko ekitaldiak galarazten ez dituzten udalei zigor ekonomikoak jar litzaizkieke.

Azken bi ongietorrien ostean, "espazio itxietan egiteko aukera" proposatu zuen Foro Sozial Iraunkorrak, eta epaitegietara ez eramatea gomendatu zuen. Proposamen hori "mezu konstruktibo" bakarra izan zen Etxeratentzat, "eztabaida politiko eta mediatiko" horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Gipuzkoa Hernani Presoak ETA EH Bildu Eguneko albisteak Oñati Albisteak Vox Debagoiena