Politika -

Madril

Diaz Ayusok Voxen laguntza eskertu eta 'txeke zuririk' ez diotela eman azpimarratu du

Madrilgo Presidentetzarako PPren hautagaiak Ciudadanosen babesa du, eta segur aski presidente hautatuko dute; izan ere, Voxek ere aldeko botoa ematea espero dute.

Isabel Diaz Ayuso, asteazken honetako agerraldian. Argazkia: EFE
Isabel Diaz Ayuso, asteazken honetan
Isabel Diaz Ayusok Aguirre eta Cifuentes izan ditu gogoan bere hitzaldian

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentetzarako hautagaiak eskerrak eman dizkio Vox alderdiari haren inbestidura babesteagatik. Horrenbestez, agintaldian zehar "elkarren arteko puntuak" bilatzen saiatuko dela esan du, "txeke zuria" eman ez diotela jakitun baita.

"Badakit ez dela txeke zuri bat, Parlamentuan oposizio gogorra izango baitugu, baina elkartzen gaituena azpimarratu behar dut, asko baita", esan du , Madrilgo Batzarraren aurrean Rocio Monasterio Voxeko ordezkariaren hitzaldiari erantzunez.

Ayusok keinuak egin dizkio Voxi seme-alaben hezkuntza eredua aukeratzeko familien askatasuna edo bakarrik heltzen diren adingabe atzerritarren aurrean hiritarrek sentitzen duten "segurtasun eza" aipatuta.

Kontu "moral" eta "balioak familia barruan" irakastea errespetatzen duela azpimarratu du PPko hautagaiak; baina, aldi berean, tolerantzian eta aniztasunean hezi behar dela esan du, horiek baitira "konstituzioaren balioak". Hori horrela, "normaltasunez" azaldu behar da inor ezin dela "inoiz estigmatizatua izan" haren sexu orientazioagatik, adierazi du.

Bakarrik heltzen diren adingabe atzerritarren harira, "arazo horrek" adingabeen segurtasuna "arriskuan" jartzen duela esan du, familia utzi eta abenturan joaten baitira.

Ildo horretan, "migrazioaz" hitz egiterakoan "integrazioaz" berba egin behar dela argudiatu du PPko hautagaiak.

Madrilgo Batzarra gaur egiten ari da inbestidura-eztabaidaren bigarren saioa, eta bertako sei taldeen ordezkariek eta PPko hautagai Isabel Diaz Ayusok hartu dute parte; horren ostean, bozketa egingo dute, eta, ezustekorik ezean, Madrilgo presidente hautatuko dute, Ciudadanosen eta Voxen botoei esker.

Lehen saioa asteartean egin dute, eta, bertan, PPko hautagaiak bere gobernatzeko programa (Ciudadanosekin adostutakoa) azaldu du; Madrilgo Autonomia Erkidegoan inoiz izan den zerga-murrizketarik handiena iragarri, eta Voxen babesa bereganatzen saiatu da, eta adingabe atzerritarrak eta emakumeen aurkako indarkeria izan ditu hizpide, "genero-indarkeria" aipatu gabe.

10:00etan

Eztabaida gaur hasi dute berriro, 10:00etan, eta taldeen ordezkari bana mintzatu da, gehienez 30 minutuz. Diputatu gutxien dituenak hartu du hitza lehenengo, eta talde handienaren ordezkariak itxi du. Hortaz, ordena honetan aritu dira: Unidas Podemos-Izquierda Unida Madrid en Pie, Vox, Mas Madrid, Cs, PP eta PSOE.

Taldeen ordezkarien txandaren ostean, horiei erantzuteko aukera izan du Ayusok (banan-banan edo denei batera), denbora-mugarik gabe.

Gerora, hamabost minutu izango dituzte erantzuteko, nahi izanez gero, eta hautagaiak itxi ahal izango du eztabaida, berriro denbora-mugarik gabe, hala nahi badu.

Batzarreko presidenteak bertan behera utziko du saioa gero, eta inbestidura-bozketa zein ordutan egingo duten jakinaraziko du. Tania Sanchez Mas Madrid taldeko diputatua ez da bertan izango, haurdun baitago, baina modu telematikoan emango du botoa.

Araudiak zehazten duenez, inbestidurako bozketa publikoa izango da.

Lehen bozketan Ayusok gehiengo absolutua lortuko ez balu (ezustekoa litzateke), 48 ordu geroago bozkatuko lukete berriro, hau da, hilaren 16an, eta diputatuen gehiengo sinplea (aldeko botoak kontrakoak baino gehiago) beharko luke bigarren bozketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Popularra Espainia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Madril