Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Sortuk helegitea sartu du Auzitegi Konstituzionalean

Auzitegi Konstituzionalak Bildu maiatzaren 22ko hauteskundeetan aurkeztea bideratzeko argudio berak erabili ditu Sortuk babes helegitean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sortuk babes helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean Gorenak alderdiaren inskripzioa debekatzeko hartu zuen erabakiaren kontra.

Konstituzionalean aurkeztu berri duen babes helegitean, auzitegi horrek berak maiatzaren 22ko hauteskundeetan Bilduren parte hartzea bideratzeko babestutako argudio berdina erabili du Sortuk, Gorenaren epaia baliogabetua izan dadin. Auzitegi Gorenak Sorturi alderdien erregistroan inskribatzea debekatu zion.

Ezker abertzalearen aburuz, Auzitegi Gorenaren erabakia "badaezpadako legez kanporatzea da eta horrek Estatu konstituzionala bera jartzen du arriskuan". Auzitegi Konstituzionalak Bilduren inguruko epaian argudio horixe erabili zuen.

Helegitea Iñigo Iruin abokatuak aurkeztu du helegitea Auzitegi Konstituzionalean 12:30 aldera. Iñigo Iruin bera izan zen Sorturen estatutuen sorreran parte hartu zuena eta Gobernuaren eta Fiskaltzaren salaketei aurre egin ziena. Sortuk Gorenaren autoa errekurritzeko zuen 30 eguneko epea agortu du.

Gorenak debekatu egin zuen alderdiaren inskripzioa ETA eta Batasuna erakundeetara itzultzeko “iruzurra” zelakoan. Hala ere, 16 epailetik 7 erabaki horren kontra agertu ziren.

Azken horiek boto partikularra sinatu zuten legeak ez duela “badaezpadako legez kanporatzerik” aurreikusten argudiatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea