Politika -

Auzitegi Nazionala

'Laia'ri 140 urteko zigorra ezarri diote eta 'Susper' absolbitu dute

Ainhoa Garcia Montero ETAko buruzagiak 2001ean, Donostian, egindako atentatuan lagundu zuela uste du Auzitegi Nazionalak. Bonba-auto batekin egindako erasoan bi langile hil zituzten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ainhoa Garcia Montero Laia ETAko buruzagiari 140 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak. 2001ean, Donostian, egindako atentatuan lagundu zuela uste du auzitegiak. Bonba-auto batekin egindako erasoan bi langile hil zituzten, nahiz eta hasiera batean helburua Iñaki Dubrueil PSEko zinegotzia izan.

Auzi berdinean Ibon Fernandez Iradi Susper ETAko buruzagia auzipetu zuten (Laia-ren taldekidea Buruntza komandoan), baina frogak falta izan dira eta absolbitu egin behar izan dute.

Epaian, ETAren helburu posibleen zerrenda Laia-k egin zuela frogatutzat jotzen du Alfonso Guevara magistratuak. Agiri horretan Dubrueili buruzko datuak agertzen dira eta ETAko buruzagiaren hatz-markak bertan topatu zituzten. Dokumentua erakunde terroristaren etxebizitza batean aurkitu zuten Zizurkilen.

Gainera, erasoaren xedea "hiltzea" zela frogatutzat jo du auzitegiak, bonba-autoaren kokalekua eta lehergai kantitatea (5-7 kilo) ikusita. Lehergailua "oinezkoen pasabide baten alboan" jarri zuten eta "langile askok tren-geltokia erabili ohi duten orduan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea