Politika -

g7aren alternatiba

Abian da beste mundu bat aldarrikatzea helburu duen 'kontragailurra'

Gizarte mugimenduek lantzen dituzten "beste eredu batzuk" erakutsi nahi dizkiote munduari. Abuztuaren 24an, G7aren bilera Biarritzen hasten den egunean, manifestazioa deitu dute Hendaian.

Kontragailurraren irekiera ekitaldia. Argazkia: @G7ezplataforma (Twitter)
Kontragailurraren irekiera ekitaldia.
Martxan da G7aren aurkako 'kontragailurra'

1:18

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abuztuaren 24tik 26ra bitartean G7ak Biarritzen egingo duen goi-bileraren aurrean, “beste mundu bat posible dela” aldarrikatzeko helburuarekin G7 EZ eta AlternativesG7 plataformek Irungo Ficoba azokan (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) antolatu duten "kontragailurrari" hasiera eman diote asteazken goiz honetan.

"Kontragailurraren" irekiera ekitaldian, bi plataforma horietako ordezkariek hartu dute hitza, eta ekimen honek duen garrantzia nabarmendu dute. Izan ere, gizarte mugimenduek lantzen dituzten beste eredu batzuk erakutsi nahi dizkiote munduari. Testuinguru horretan, Anabel Sanz G7 EZ plataformako kideak azpimarratu du “aldaketaren alde dagoen gehiengo zabala” ordezkatzen dutela "kontragailurrera" hurbildu diren herritarrek.

Halaber, Eñaut Aramendi G7 EZ plataformako bozeramaileak ziurtatu du G7 taldeak gaur egungo “krisi ekologiko, ekonomiko eta sozialaren ardura” duela. Arrazoi horregatik, irtenbidea kalean dagoela esan du, eta “beste eredu batzuk” sortzera doazela jakinarazi du.

Ekimen honen lehen egunean, pentsiodunek ere hitza hartzeko aukera izan dute, eta “pentsio publiko duinen alde borrokan” jarraitzen dutela nabarmendu dute. Ildo horretatik, G7aren goi-bilerak ez dituela giza eskubideak kontuan hartzen salatu dute, eta Biarritzen bilduko diren zazpi herrialdeetako estatuburuek “baliabide naturalak pribatizatzea” helburu dutela gaineratu dute.

G7 EZ eta AlternativesG7 plataformek jarduera ugari antolatu dituzte asteazken honetarako, gune desberdinetan. Gauzak horrela, Ficoba azokako 1. Aretoan ondorengo hitzaldiak prestatu dituzte: “Emantzipazio bideak, herritik nazioartera” (11:00-13:00), “Autoritarismoari aurre egin” (15:00-17:00) eta “Migratzaileei begirako elkartasunaren kriminalizazioa” (17:30-19:30). Halaber, 2. Aretoan hitzaldi hauek izango dira: “Deskolonizaziotik emantzipaziora”, “Inperialismoa, mundu multipolarra” eta “Gerrak, militarizazioa eta armak”. Bestalde, hauek izango dira 3. Aretoan jorratuko dituzten gaiak: “Europan herrien internazionalismo berri baten alde”, “Euskal Herriko eskubide sozialen Karta” eta “Bidegabeko zor publikoen eta pribatuen ezartzea”.

Gainera, Les Variétes zineman, “beharturiko” lekualdaketen eta migrazioen arrazoiak edota merkataritza askeko hitzarmenak eta horren ordez dauden beste ereduak izango dituzte hizpide, besteak beste.

Horrez gain, 14:00etatik 16:00etara eta 16:30tik 18:30era, gaur egungo lan-baldintzak, hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa, zerbitzu publikoen pribatizazioa, migrazioa edo feminismoa ardatz izango dituzten tailerretan parte hartzeko aukera egongo da.

Manifestazioa abuztuaren 24an, Hendaian

Abuztuaren 24an, G7aren bilera Biarritzen hasten den egunean, plataformek manifestazioa deitu dute Hendaian. Bi zutabe izango dira protestan, eta Santiago zubira arte helduko dira, Bidasoa ibaian.

Abuztuaren 25ean, "desobedientzia zibilerako" deia egin dute antolatzaileek. Elkarretaratzeak egingo dituzte Biarritzeko eta Bidarteko saihesbidean, baita Angelun eta Baionan ere. Azkenik, G7ari "ez laguntzeko" eskatu diete langileei, dendei eta enpresei.

Beste eredu batzuen alde

Gauzak horrela, Biarritzen bilduko diren "G7ko estatuburuen politiken aurrean, gizarte mugimenduen indarra” erakutsi nahi diote munduari. Halaber, kapitalismoa ordezkatu dezaketen beste eredu jakin batzuk mahaigaineratuko dituzte, “itxaropen mezu bat zabalduz”.

Tokian tokiko eredu propioen aberastasuna erdigunean jartzea du helburu” Euskal Herriko gizarte eragileek antolatutako "kontragailurrak". Euskal Herriko, Frantziako eta nazioarteko "gizarte mugimendu askok” hitzordu horretan parte hartuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek.

Kanpaldia eta jarduerak

Bestalde, Frantziako Gobernuak jarri dituen "oztopo guztien gainetik”, hitzaldiak eta bestelako ekintzak antolatzea lortu dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Besteak beste, eztabaida ugari egingo dituzte Euskal Herriko, Frantziako eta nazioarteko gizarte mugimenduen ordezkariekin.

Horrez gain, Amaia Rubio G7 EZ plataformako kideak azaldu du Urruñan kokatuko den kanpalekuak 2.000 pertsona hartzeko gaitasuna izango duela, eta denetarik izango duela: dutxak, otorduak, segurtasuna, Gurutze Gorria eta medikuak. Halaber, kontzertuak eta aire libreko zine emanaldiak antolatu dituzte. Horrez gain, hainbat jarduera egingo dituzte gaztetxean, Hendaiako eskolan eta Kaneta portuan.

Guneak aparkalekuak izango ditu, baina tren-zerbitzua eta autobusak erabiltzea aholkatu dute antolatzaileek. Izan ere, Ficobarekin lotutako autobus-zerbitzu berezia prestatu dute, hitzaldi gehienak bertan izango baitira. Gainera, gune berezi bat prestatuko dute ‘txaleko horientzat’.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea argazkiak EAE Frantzia bideoak Baionako albisteak Hendaia bideoak Eguneko albisteak Irun argazkiak Albisteak G7 goi-bilera albisteak