Politika -
M22ko hauteskundeak
Alkate, boto bakar bati esker
Alderdi politikoek botoa ematera joateko deia egiten diete herritarrei, baina topiko bat badirudi ere, arrazoi osoa dute, boto batek dena alda baitezake.
Erredakzioa
Milaka eta milaka herritar joan ziren atzo botoa ematera udal eta foru hauteskundeetan, eta kopuruak oso handiak badira ere, kasu askotan boto bakan batzuk alde batera edo bestera eraman dituzte udalak.
Bizkaian
Elantxoben, Bilduk boto bakar bategatik lortu du Alkatetza, izan ere, koalizioak 154 boto jaso ditu eta EAJk 153.
Zeanurin ere beste horrenbeste geratuta da, baina paperak aldatuta, hau da, EAJk boto bat gehiago lortu du Bilduk baino, 416 eta 415 hain zuzen ere.
Mendexan ere justua izan da emaitza, PNVk lortu du Alkatetza 156 botorekin, Bilduk baino sei gehiago.
Basaurin, 42.000tik gora biztanle dituen hiri batean, azkenean EAJk lortuko du Alkatetza PSE-EEk baino 153 boto gehiago jaso dituelako. Aldea oso txikia da, 20.000 boto-emailek baino gehiagok parte hartu zutela kontuan izanda.
Gipuzkoa
Gipuzkoako Batzar Nagusietan Aralarrek izan duen beherakada boto bakar bategatik izan da. Aralar bi batzarkide izatetik bakarra izatera pasa da.
6.000 boto-emaileko parte-hartzea izan zuen Beasainen, Bilduk irabazi zituen hauteskundeak, baina EAJk baino 44 boto gehiago besterik ez zituen lortu, 1.949 eta 1.905.
Donostian ere alde txikiaz gailendu zaio Bildu PSE-EEri. Koalizio abertzaleari 21.110 herritarrek eman zioten babesa, eta sozialistei 444 gutxiagok. Guztira, 90.000 herritarretik gorak parte hartu zuten.
Tolosan 10.000 hauteslek parte hartu zuten atzo eta azkenean Bilduk irabazi zuen 3.380 boto jasota, EAJk baino 175 gehiago.
Araba
Araban ere izan dira muga-mugako emaitzak. Agurainen zazpi botoen aldearekin irabazi ditu hauteskundeak Bilduk. Koalizioak 904 herritarren babesa jaso zuen, eta EAJk 897rena.
Baina emaitza horiek ez dira irabazle eta galtzaileen artean soilik ematen. Gasteizen PPk garaipen nabarmena lortu zuen, baina bigarren indarretik laugarrenera 1.500 botoko aldea bakarrik dago (EAJ 21.143, PSE-EE 20.727, Bildu 19.677).