Politika -

Eusko Legebiltzarra

Legebiltzarrak ez dio Segurtasun buru ohiaren aurkako ebazpenari helegiterik jarriko

Astelehenean iragarri zuen Gasteizko epaitegi batek auzia artxibatuko zuela, eta gaur bertan epaia onartzea erabaki dute aho batez legebiltzarkideek.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE
Legebiltzarrak ez dio Segurtasun buru ohiaren aurkako ebazpenari helegiterik jarriko
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak ez du Segurtasun buru ohiaren aurka abiatutako ikerketa artxibatu izana salatuko. Hain zuzen ere, dokumentuak faltsutzea eta diru publikoa zein Legebiltzarreko auto ofizialekin lotutako txartelak bidegabe erabiltzea egotzi zioten Segurtasun buruari.

Gasteizko epaitegi batek, baina, ebatzi du Segurtasun buru ohiak epaiketan (Legebiltzarra akusazio partikular gisa aurkeztu zen, orduan) egindako adierazpenak "arrazoituak eta sinesgarriak" zirela. Hori dela eta, auzi hori behin-behinean artxibatzea erabaki du.

Astelehenean iragarri zuen epaileak auzia artxibatuko zuela, eta gaur bertan aho batez erabaki dute legebiltzarkideek epaia onartzea, Legebiltzarreko iturriek ohar baten bitartez jakitera eman dutenez.

Ustezko iruzurra 2017an salatu zuten, Legebiltzarreko lehen presidenteorde Eva Blanco (EH Bildu) horretaz ohartu zenean.

Ikerketa hasi eta gutxira, Legebiltzarrak Segurtasun burua kargutik kendu zuen, eta Arabako Fiskaltzari gertatutakoa iker zezala agindu zion, deliturik egon ote zen jakiteko asmoz. Hamar urte zeramatzan postu horretan salatutako ertzainak.

Horren aurrean, delitu zantzuak egon zitezkeela iritzita, Gasteizko Instrukzioko 3. Epaitegiaren esku utzi zuen auzia fiskalak.

Nolanahi dela, Epaitegi horrek auzia artxibatzea erabaki du aste honetan, eta Legebiltzarrak onartu egin du ebazpen hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Delituak Eguneko albisteak Albisteak