Politika -

Odon Elorza

‘Euskadin akordioak lortu behar dira, txeke zuririk eskatu gabe’

Pedro Sanchezek aurkeztutako dokumentuan, eskumenen eskualdaketari aipamenik ez egiteari garrantzia kendu dio diputatu sozialistak.

Odón Elorza
Odón Elorza
Odón Elorza

play icon 14:35

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea eta Andoni Ortuzar EAJko kidea asteazken arratsaldean bilduko dira, hautagai sozialistaren inbestiduraren inguruan hitz egiteko. Testuinguru horretan, Odon Elorza PSE-EEko Gipuzkoako diputatuak akordioak lortzea espero du.

PSOEko idazkari nagusiak atzo aurkeztutako dokumentuan jeltzaleek egindako eskaerei aipamenik ez egiteari garrantzia kendu dio Elorzak. Eskumenen eskualdaketari dagokionez, akordioa beste modu batean lortu daitekeela uste du diputatu sozialistak. Hala, negoziazioek aurrera egingo dutela uste du, bere esanetan, Sanchezek ez diolako inori txeke zuririk eskatzen.

Sozialistek atzo aurkeztu zuten “Guztion Programa Aurrerakoia” izeneko dokumentuak 370 proposamen ditu. Elorzaren arabera, “Unidas Podemosen proposamenek ere tokia dute programa horretan”, baina, bere iritziz, alderdi horrek “koalizio gobernua besterik ez du nahi”.

“Pedro Sanchezek hauteskunde kanpainan esan zuena agerian geratu da, izan ere, bera bakarrik gobernatu nahi zuela esan zuen, pertsona independenteen babesarekin. Adostutako neurriak betetzen zirela bermatzeko asmoa zuen Pablo Iglesiasek, baina koalizio gobernua osatzeko elkarrizketak akordiorik gabe amaitu ziren, proposamena baztertu zuelako. Pablo Iglesias gobernutik kanpo utziko lukeen akordioa lortzeko PSOEk egin behar izan zuen ahalegin handiaren ostean gertatu zen hori guztia”, esan du Elorzak.

“Egoera zail batean gaude, baina azaroaren 10ean hauteskundeak errepikatzea saihestu nahi ditugu denok”, azpimarratu du diputatu sozialistak.

Kataluniako autodeterminazio erreferendumari argi eta garbi ezetz esatearen harira, Elorzak adierazi du horrela adierazi izan ez balute, “eskuineko hiru alderdiak” balizko itunei buruz espekulatzen egongo liratekeela. “Gure helburua autogobernua sendotzea da, finantza-laguntzetan, erabakiak adosten… Pentsatzen duguna idatziz jartzea zintzo jokatzea da”, esan du Elorzak.

Proposamenen dokumentuak ez du ezer aipatzen eskumenen egutegiari buruz. EAJk eta Pedro Sanchezek gaur hitz egingo dute horretaz.

“PSOEk ez dio inoiz txeke zuririk eskatzen inori bere inbestidurarako. Ez Euskadin, ez Katalunian, ez Andaluzian, ez Valentzian. Arazo handi bat dago Euskadiri eragiten ez dion autonomien finantzaketan. Akordioak lortu behar dira, eta EAJren botoa ere oso garrantzitsua da gaur egun ganberan dauden indar ezkertiar eta aurrerakoien multzoari babesa emateko orduan. Unidos Podemosekin elkarrizketek aurrera eginez gero, ERCren abstentzioa ere lortu behar izango dugu, ez dugulako hauteskundeak aurreratu nahi”, azpimarratu du PSE-EEko kideak.

__________________________________

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak