Politika -

M-22ko hauteskundeak

Bilduren garaipenak kolokan utz lezake EAEko kutxen arteko bat-egitea

Gipuzkoako kolore politikoa aldatu egin da, eta, beraz, Kutxako asanblean ere nabarituko da. Pasaiako kanpoko portua eta Zubietako erraustegia ere arriskuan daude.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foru eta udal hauteskundeen emaitzek eragina izan lezakete EAEko kutxen arteko bat-egite hotzean ere.

Kutxen asanbleak aldatu egingo dia. Bizkaian eta Araban aldaketek ez dute eraginik izango operazioan, baina baliteke ez gertatzea berdin Kutxa gipuzkoarrean. Izan ere, Bilduren garaipenak kolokan utz lezake.

Kutxen asanbleetan alderdi politikoek pisu handia daukate, eta are gehiago aldundiek eta udalek. Adibidez, Gipuzkoako eta Bizkaiko Ogasun diputatuak dagozkien kutxetako presidenteordeak dira.

Hori horrela, lurralde baten kolore politikoa zeharo aldatzen bada, argi dago berdin gertatuko dela dagokion kutxako asanblean.

Gainera, kontuan hartu beharra dago PSE eta PP Eusko Legebiltzarrean prestatzen ari diren legeak udazkenean kutxen asanbleak guztiz berritzea aurrez ikusten duela, eta, ondorioz, Gipuzkoako egoera politiko berria Kutxan ere nabarituko da.

Une honetan, Banatuz plataforma bigarren garrantzitsuena da Kutxan, EAJren atzetik, eta bat-egite hotzaren aurka dago.

Bilduk proiektua berriro diseinatzea eskatu du

Martin Garitano Bilduren Gipuzkoako buruzagiak esan du ez diola "beldurrik" ematen euskal kutxen bat-egiteak. Hala ere, euskal finantza publikoaren sistema sendoak "bankarizazioa" saihestu behar duela uste du eta bat-egiteen proiektua berriro diseinatu.

Garitanoren esanetan, Bildu finantza sistema publiko bat sortzearen alde dago, "beste batzuek, ez langileek, sortu duten krisitik ateratzen lagunduko duen" tresna delako.

"Finantza sistema indartsu horretan sinesten dugu, baina bankarizazioa ez da irtenbidea, kutxek zentzu sozialari eutsi behar diote", adierazi du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean.

Beste proiektu batzuk

Kutxen bat-egitea ez ezik, beste hainbat proiektu ere kolokan daude, Pasaiako kanpo portua eta Zubietako erraustegia, kasu.

Pasaiako portuaren harira (Gipuzkoako Aldundiaren proiektu nagusia), Bilduk badia biziberritzearen alde egin zuen hauteskunde kanpaina, betiere kanpoko portua eraiki gabe. Halaber, Uliatik Jaizkibelerako tartea natura-erreserba izendatzea eta zentral termikoa ixtea ere proposatu zuen.

Zubietako erraustegiari dagokionez, obrak 2012an dira hastekoak, baina Bilduk bost urteko luzamendua eta herri galdeketa egitea nahi du.

Koalizioa Abiadura Handiko Trenaren eta Hondarribiko aireportua handitzearen aurka ere badago, baina, kasu horietan, Gipuzkoako Aldundiak ez du eskuduntzarik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea