Politika -

M-22ko hauteskundeak

Pastor: 'Pilota EAJren teilatu gainean dago'

Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusiak gaineratu du Gipuzkoan Bilduk gobernatzea ekidin behar dela lurraldearen "aurrerapena geldiarazi dezakeelako".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusiak hauteskunde osteko itunen gainean esan duenez, "pilota EAJren teilatu gainean dago" eta Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteari ohartarazi dio ezin dela "guztian aldi berean jolastu". Era berean, beharrezkotzat jo du Bilduri Gipuzkoan gobernatzen uztea ekiditea ez duelako "beharrezko kaudimena ematen" eta lurralde horren "aurrerapena geldiarazi dezakeelako".

ETBko Egunon Euskadi saioan egin dioten elkarrizketan Pastorrek azaldu du PSE-EE alderdi demokratiko guztiekin itunak egitera irekita dagoela, Bildurekin izan ezean, "nahiz eta horiekin ere hitz egingo dugun baina ez akordioetara heltzeko".

Zentzu horretan, behin eta berriz esan duenez "EAJk erabaki beharko du zer egin nahi duen Araban eta Gipuzkoan, baina ezin dute guztira aldi berean jolastu, nahiz eta Urkulluri hori gustatuko litzaiokeen". Pastorrek ohartarazi duenez "ezin da Gipuzkoako aldundia lortzera jolastu Bilduri lekua kenduz, eta aldi berean Arabako foru aldundia eduki, hori lortzeko Bilduk EAJri babesa eman beharko liokeelako".

Ondorioz, Bizkaiko PSE-EEko idzkari nagusiak berretsi duenez, "EAJk lehenengo erabaki egin behar du, eta kostako zaie, Egibarri oraindik ez diogu hitz bakar bat bera ere entzun, ez dakigu zer pentsatzen duen eta agian Garitanorekin koalizioan egindako gobernu batean pentsatzen ari da, ez dakigu", gaineratu du.

Pastorrek azaldu du PSE-EEren batzar nazionalak zehaztuko duela itunen politika zein izango den "baina horrek ez du esan nahi adiera bakarrekoa izango denik hiru lurraldeetan, baina guztiak koordinatutako estrategia batetik etortzea beharrezkoa da eta horrela izango da".

Bestalde, elkarrizketan zehar esan duenez, Miguel Buen Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagai sozialistak Martin Garitano Bilduko hautagaiarekin "kortesiazko lehen elkarrizketa bat izan zuen hauteskunde gauean". "Deitzen digunean joango gara esan nahi diguna entzutera baina eurekin ez ditugu itunak egingo, Bilduk Gipuzkoarako proposatzen duena ez datorrelako bat orain arte lurralde horretako alderdi nagusiek egindakoarekin".

PSE-EEren emaitzak

Jose Antonio Pastorrek esan duenez "bistakoa da ez ditugula emaitza onak lortu Alderdi Sozialistarentzat, ez dira espero genituenak izan eta orain beraz, eszenatoki zaila eta konplexua ireki da; akordioak egin behar dira baina arrazoia erabiliz".

"Herrialdeko mapa politikoa guztiz aldatu da eta oso mapa politiko konplexua daukagu", esan du Bizkaiko sozialisten arduradunak, izan ere, "gobernu sozialista daukagu, EAJk Bizkaian irabazi du, Bilduk Gipuzkoan eta PPk Araban". Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko lau indar politikoetako bakoitzak botere eremua ezarrita dauka, eta egoera desberdinak ireki dira; herrialde bat izan beharrean badirudi hiru garela eta horrek akordioei begira arduraz jokatzeko ahalegina egiteko beharra azaltzen du".

Hauteskundeak aurreratzea

Patxi Lopez lehendakariari hauteskunde autonomikoak aurreratzeko deia egiten dienei buruz galdetuta, Pastorrek esan du "zer ikusteko daukate hauteskunde lokalek eta foralek hauteskunde autonomikoekin".

"Hauteskunde batzuen ondoren aldaketak dauden bakoitzean hauteskundeak egingo balira, hausnarketa berdina egin beharko litzateke 2008ko hauteskunde orokorretan Alderdi Sozialistak Euskadin nabarmen irabazi zuenean, eta garai hartan ez dut uste Ibarretxe jaunari hauteskunde autonomikoak aurreratzea bururatuko zitzaionik", azpimarratu du Jose Antonio Pastorrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea