Politika -

Parisko Auzitegi Korrekzionala

Hiru eta hamar urteko kartzela zigorra ETAko bost kiderentzat

Eneko Gogeaskoetxea, Zigor Garro, Marina Bernado, Juan Cruz Maiza eta Ekain Mendizabal 2006an desegin zuten ETAren aparatu logistikoko zati baten kide izateagatik epaitu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parisko Auzitegi Korrekzionalak hiru eta hamar urteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete ETAko bost kideri, 2006ko azaroan desegin zuten aparatu logistikoaren estrukturako kide izatea egotzita.

Auzitegiak ETAko bost kideak (horietako bat, Eneko Gogeaskoetxea justiziarengandik ihes eginda dagoela eta beraz "rebeldian" epaitu dute) Frantziatik behin betiko bidaltzera ere kondenatu dituzte, beti ere ezarritako zigorrak betetzen dituztenean. Azkenik, 4.086 euro ordaindu beharko dizkiote lapurreta egin zioten pertsona bati, akusazio partikular moduan aurkeztu baitzen.

Kondenarik handiena, hamar urteko kartzela zigorra Zigor Garro Perezi ezarri diote. Fiskaltzaren iritziz ETAren aparatu logistikoan besteengandik desberdintzen zuten "ardurak" zituen 2006ko azaroaren 29an Frantzia hegoaldeko Quezac herrian atxilotu zutenean. Sei hilabete gehiago ere ezarri dizkiote identitatea usurpatzeagatik.

Marina Bernado Bonadari bederatzi urteko kartzela zigorra ezartzea ebatzi dute -Ministerio Publikoak eskatuta bezala-, Quezaceko etxebizitza klandestinoan "lehergailuez eta materiala erosteaz" arduratzeagatik.

Juan Cruz Maiza Artola ETAko kide "historikoa", berriz, zazpi urtera kondenatu dute gaur (fiskalak eskatutakoa baino urtebete gutxiago), nahiz eta Garrok eta Bernadok bezala Espainiako justiziarekin auziak zintzilik dauzkan, eta Frantzian dagoeneko bi aldiz kondenatu duten. Garrorekin eta Bernadorekin Quezacen atxilotu zuten Ekain Mendizabali bost urteko zigorra ezarri diote, akusazioak ETAren materiala atzerrian erostearekin erlazionatu baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea