Politika -
M-22ko hauteskundeak
PSOEren ezohiko biltzarra egitea eskatu du Patxi Lopezek
Horrez gain, Bildu erakundeetako gobernuetatik kanpo uzteko, EAJri eta PPri hitzarmena adosteko deia egin die.
Erredakzioa
PSOEren ezohiko biltzarra egitea eskatu du gaur Patxi Lopez lehendakariak, sozialisten programa eta hiritarrei luzatuko dizkieten proposamenak zehazteko helburuarekin.
Bere ustez, Jose Luis Rodríguez Zapateroren ondorengoa zein izango den erabaki aurretik egin behar dute sozialisten ezohiko biltzarra.
Hauteskundeetako emaitzak baloratzeko egin duen aurreneko agerraldian egin ditu adierazpenak. Eskaerak izan duen oihartzuna ikusita, lehendakariak artikulu bat idatzi du bere blogean: ''Zergaitik Biltzar bat?'' izenburupean. Bere hitzetan, ekimen honen helburu nagusia "akatsak zuzentzea eta estrategia berria zehaztea" izango da.
Bere alderdiak izan dituen "emaitza txarrak" ikusita, PSOEk ezohiko bilera bat egin behar duela uste du Patxi Lopezek.
PSEko batzordeak "aho batez" onartutako proposamena izan dela azaldu du Patxi Lopezek
Hauteskundeetan PSEk izan dituen "emaitza txarrak" krisi ekonomikoaren ondorio izan direla azpimarratu du lehendakariak.
Biltzar "lasaia" izan behar dela uste du lehendakariak. "Ez ditugu erabakiak azkarregi hartu behar, ekarpenak eta eztabaidak behar ditugu", gaineratu du.
PSOEk kragan igandeko emaitzak "ondo ulertu" behar dituela azpimarratu du Patxi Lopezek: "Hiritarrek zer esan duten ulertu behar du, batez ere etxean geratu diren hautesle sozialistek esan dutena, horrela erantzunik egokiena eman ahal izateko".
Bildu gobernuetatik kanpo uzteko akordioa
Bestalde, Bildu EAEko erakundeetan ez gobernatzeko, EAJri eta PPri akordio bat adosteko deia egin die, koalizioa "egitasmo estrategiko guztien aurka dagoelako".
Bilduri "erantzukizuna emango dion edozen akordio Euskadi geldiaraztea ekarriko du", eta hori, "herri honentzat akats larria izango litzateke", esan du Patxi Lopezek.
Horregatik, EAJri galdera luzatu dio: "herriaren aurrerakuntza eta modernizazioaren alde edota siglen alde egingo duten" erabaki behar dutela esan die jeltzaleei.