Politika -
Auzitegi Nazionala
Mikel Karreraren aurkako epaiketa hasi da Auzitegi Nazionalean
ETAko presoak inputatukoak onartu ditu eta Jon Etxeberria errugabetu du; Etxeberria Auzitegi Nazionalean ere epaitzen ari dira.
Agentziak | Erredakzioa
Mikel Karrera Sarobe, Ata, ETAko presoaren aurkako epaiketa hasi da astelehen honetan Auzitegi Nazionalean, arma, munizio eta lehergaien trafikoa eta gordailua zein terrorismo helburuetarako dokumentu publikoak faltsifikatzea egotzita.
Karrera Sarobe abuztuaren 30ean estraditatu zuen Frantziak Espainiara. Fiskaltzak 13 urteko kartzela zigorra eskatu du berarentzat.
Jon Etxeberria Oiarbide ere epaitzen ari dira Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak bederatzi urteko espetxealdia eskatu du horrentzat, arma, munizio eta lehergaien trafikoa eta gordailua leporatuta.
Karrera Sarobek onartu egin ditu berari inputatutakoak, eta Jon Etxeberria errugabetu du. Fiskaltzaren arabera, ETAren armak eta lehergaiak fabrikatzeko materiala eraman zuten Portugalera, furgoneta batean.
Iñaki Reta de Frutos ere Auzitegi Nazionalean epaituko dute, baina Frantzian dago preso oraindik, 2015ean atxilotu zutenetik. Fiskaltzak 18 urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat, erakunde terroristako kide izatea zein arma, munizio eta lehergaien trafikoa eta gordailua egotzita.